EAE-ANV-k irabazi ditu hauteskundeak Hernanin eta 8 zinegotzi izango ditu

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 28a, 02:00

4.187 botorekin, EAE-ANV nabarmen izan da lehen indarra Hernanin. Beste 9 jarlekuak horrela banatu dira: PSE-EEk 3, EA-k 2, EAJ-PNVk 2, EB-Berdeak/Aralar-ek 1 eta PPk 1. 9.123 hernaniarrek eman dute botoa (abstentzioa %40,92).

EAE-ANV-k irabazi ditu Udal hauteskundeak Hernanin, 4.187 boto eta 8 zinegotzi lortuta. Ezker abertzaleko alderdia gehiengo osotik zinegotzi bakarrera gelditu da, botoen %47 pasarekin. Marian Beitialarrangoitia izango da, beraz, Alkatea, gainontzeko bost alderdiak Alkatetza lortzeko elkartzen ez badira. Gainontzeko 9 zinegotziak horrela banatu dira: PSE-EEk 3 (1.407 boto), EAJ-PNV-k 2 (994 boto), EAk 2 (938 boto), EB-Berdeak/Aralar-ek 1 (890 boto), eta PPk 1 (468 boto). Boto zuriak 159 izan dira eta baliogabeak 80. Bozka ematera deituta zeuden 15.443 hernaniarretatik 9.123ek eman zuten atzokoan botoa eta abstentzioa inoiz Udal hauteskundeetan izandako haundiena izan zen, % 40,92-ko portzentaiarekin. EAE-ANV-k inoiz zerrenda batek Hernanin jaso dituen boto gehiena jaso ditu, 1999n EH-k jasotako 5.015 botoak kenduta. Beste alderdiek boto galera izan dute, eta denek galdu dituzte jarlekuak.

EMAITZAK IKUSI

Normaltasuna baina EHNA dela-eta kejak

Hernaniko hautes eskola gehienetan jardunaldia normal joan zela esan zuten, baina mahai askotan kejak jaso ziren EHNA agiriarekin botoa ematen utzi ez zietelako. PPko apoderatuak hautes eskoletan ibili ziren goizean, EHNA erabiltzen utziz gero, mahaia inpugnatuko zutela informatzen. Mahai batzuetan, berriz, normaltasunez erabili ahal izan zen EHNA agiria. Jaso ziren gainontzeko kejak ere, esaterako, AMHER-ek etorkin estrakomunitarioen botuaren alde egindako eskaerak. Zenbait herritar ere kejatu zen eguerdian 20-30 bat ertzain Biteri aurrean zeudelako pelota jaurtigailuekin eta bideokamararekin.

EAE-ANV Lehen indarra

EAE-ANV-k 4.187 boto jaso ditu eta gehiengo absolutoa lortzetik gertu ibili da. Ezker abertzaleak historikoki Hernanin izan duen lekua berreskuratu du.

PSE-EE Behera, baina gutxi

PSE-EEk zinegotzi bat galdu du eta gutxien jaitsi den alderdia izan da, EB-Berdeak/Aralar-ekin batera. 137 boto gutxiago jaso ditu 2003an baino.

EAJ-PNV Bina zinegotzi

EAJ-PNV eta EA bakoitza bere aldetik aurkeztu dira oraingoan eta emaitzak diote erabakiak ez diela ez bati ez besteari mesederik egin. Bakarka joanda, 900 boto galdu dituzte Hernanin bien artean.

EA Laugarren indarra

EAk bere ibilbideko boto kopuru txikiena lortu du, 938, eta Alkatetza izatetik laugarren indarra izatera pasa da.

EB-Aralar Mantendu da

EB-Berdeak/Aralarrek bi jarleku galdu ditu, baina botoetan gutxien jaitsi dena da EB-ren azken emaitzekin konparatuta. Orduan 958 boto zituen eta atzo 890; 68 gutxiago.

PP Jarleku bat

PP-k azken Udal hauteskundeetatik 203 boto jaitsi ditu Hernanin. Angladak jarleku bat lortu du bere lehen parte hartzean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!