Aizkorri, mendi alde eta lautadaren zaindari

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 27a, 02:00

Mendiriz Mendik ekainaren 10erako antolatu du irteera, Otzaurtetik igo eta Arantzazura jaitsi.

AIZKORRI izen bereko mendizerrako tontorretako bat da. Izen bera izanagatik, ez da altuena, Mendebalderako dagoen Haitxurik metro batzuk gehiago ditu. Abiapuntu erabilienak Otzaurte eta Arantzazu izaten dira. Ibilbidea Otzaurtetik irten eta Arantzazun amaituko dugu.

Nola iritsi Hernanitik

N-1 errepidea Madrileko norabidean jarraitu. Etxegarate mendatea jasiterakoan, Altsasura iritsi baino lehen, Zegamara doan errepidea hartu (N-1eko 405 irteera). Kilometro pare bat egin eta iritsiko gara Otzaurtera.

Ibilbidearen deskripzioa

Otzaurteko benta aurrean dagoen pista hartu behar da. Andra Mariren ermita aurretik pasa eta pistak gorantz egiten duenean, ezkerrera jo behar da, basoan barrena dijoan bidezidor aldapatsu bat hartuta. GR 121.1 marka zuri-gorriak jarraituta, pagadia zabaldu eta Beundera (832 m, 30 min) iritsiko gara. Aratz mendia aurre aurrean ikusiko dugu. Beundan eskuinera hartu behar da eta Ubiergoko erreka ondoan doan pista jarraitu. Otzaurtetik datorren pista ibilgailuentzat irekia dago. Penagarria da ingurune hauetan horrelakoak ikusi beharra, baina jakina, jendea oso ´erosoa` izaten da eta ia San Adriango aterperaino hurbiltzen da kotxean. Udazkenean, ehiza garaian, pista honetan dabilen trafikoa Gipuzkoako bide askotan dabilena baino handiagoa izaten da. Beraz, kontuz kotxeekin. Bailara erdian, pistak erreka zeharkatu baino lehen, eskuinera hartu behar da. Bidezidorrak San Adriango aterpera (1:15 ordu) eramango gaitu. Aterpea Mikeleteen kuartela izan zen lehen. Aurrera segi eta erdi-aroko galtzada jarraituta San Adriango pasartera (1.008 m) iritsiko gara. Kobazulo ilun eta hezearen barruan, San Adrian ermita dago. Pasabide honek garrantzia historiko handia izan du Gipuzkoa eta Arabako lautadaren komunikazio bide modura. Kobazuloa pasa eta gero, Lizarrateko iturria dago, hortik Aratz (1.443 m) mendira igotzeko bidea hasten da. Lizarrate baino lehentxeago, eskuinera, Aizkorri tontorrera dijoan bidezidorra dago. Bidezidorra pagadian sartzen da eta gerizpean egiten da bidea. Ia tontorreraino pagadiko freskotasunez, hostoen kolorez eta eguzki izpiez gozatzeko aukera bada. Basotik irten eta harriz jositako ingurune karstikoan sartuko gara. Bideak ez du galerarik, jende asko ibilia denez, erraz bereizten baita. Haitztontor eta Tontorraundi gailurren albotik pasa eta gero, Aizkorri gailurraren azpian dauden aterpe eta ermitara iritsiko gara (1.510 m; 3:00 ordu). Biak zabalik izaten dira. Ermitan Zegaman dagoen Kristo erromaniko kopia bat gurtzen da. Gailurra ermitatik metro batzuk gorago dago eta bertatik astintzen omen ditu hodeiak ekaitzak sortzeko. Ez da harritzekoa, hemendik gozatu litekeen pasaia zoragarriak ia Euskal Herri osoa biltzen baitu. Hego aldera Aratz eta Arabako lautada, ipar aldera Gipuzkoako bailarak, eki aldera gertu, Aralar eta Urbasa, eta urrutirago Pirineoak, eta mendebaldera Udalaitz, Anboto, Gorbeia eta Bizkaiko lurraldea. Behin honaino etorriz gero, ezin igo gabe utzi inguruko tontorrak. Nahi duenak esfortzu gutxirekin mendebaldera kokatuta dauden gailur nagusienak igotzeko aukera dauka. Haitzean gora eta behera eginez berehala menderatzen dira Haitzabal (1,518 m), Aketegi (1.549 m; lehen mailako puntu geodesikoa), Haitxuri (1.551 m), Iraule (1.511 m) eta Arbelaitz (1.513 m). Ingurua ez da arriskutsua, baina kontuz ibili behar da harri asko dagoelako eta batzuk nahiko irristakorrak. Gailur guzti horiek igotzeko asmorik ez bada, jaitsierari ekingo diogu. Urbiako larretara doan bideak nahiko jaitsiera lasaia du hasieran. Bidea ez da zaila, baina euria egin badu kontuz ibili behar da jende asko igarotzen den bidea denez, harri asko higatuta daude eta bustiak daudenean nahiko labainak dira. Aketegi azpitik igaro ondoren bidea malkartsua bihurtzen da eta zig-zag batzuk eginez berehala iritsiko gara Arbelar etxoletara. Urbiako zelaietarako gutxi geratzen da. Urbian fonda zaharra eta apur bat aurrerago ermita dago (4 ordu). Elgoibarko mendizaleek eraikitako borda, gaur egunean konpondua dago eta jan-edana emateaz gain, lotarako aukera ere bada. Udara inguruan egoten da irekia asteburu eta aste egunetan, gainontzean asteburuetan bakarrik ematen dute zerbitzua. Fonda baino lehenago, zelaietan eskuinerutz joanda, artzain bordak aurkitzen dira. Hemen ere bada mokatu bat egiteko aukera beti ere udaberritik udazkenera arteko tartean igoz gero. Indar berrituta azken zatiari ekingo diogu. Fondatik apur bat igo Enaitz eta Zabalaitzen arteko Elorrako lepora iritsiko gara (1.161 m) eta hemendik dena behera izango dugu Arantzazuraino (715 m; 6:00 ordu). Arantzazu Aloñak eta Aizkorriko mendizerrak osatzen duten arroila artean dago kokatua. Kondairak dio Rodrigo de Baltzategi artzainak inguru hauetan Ama Birjinaren irudi bat ikusi zuela arantza artean. Hori omen da Arantzazuko ermitaren jatorria. Denborarekin Euskal Herriko santutegi mariano garrantzitsuenetarikoa bihurtu da. Gaurko eraikina estilo modernokoa da eta bertan aipagarriak dira Jorge Oteizaren Apostoluak izeneko eskultura.

Datu interesgarriak

Distantzia: 18 km.

Denbora: 6 ordu.

Desnibela: 800 m.

Gailurra: Aizkorri (1.528 m).

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.

Noiz: Ekainaren 10ean. Izen emateko azken eguna, ekainaren 7a.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!