´Orduan bai egiten zuen euria, hiru hilabete erreskadan!` dio Marcial Laskibarrek. Hernanitik bizikletan abiatu eta Igeldoko bidean zegoen ebanisteriara joaten zen gaztetan, euria ari, haizea ibili edo eguzkiak jo. Beti bizikletan lanera. Gazte zela hil zitzaien aita; ama alargunak seme-alabak aurrera aterako eta bere ahizpa hil berriaren alargunarekin ezkondu zen, Pitikar baserriko Inaxio Mari Azpiolearekin. Horrela jarri zen Marcial (edo Martxiel) Hernaniko Jauregin bizitzen, ama eta gainerako senideekin.
Soldaduskatik gerrara hilabete eskasean
Hamabi urterekin hasi zen lanean ebanisterian eta hogeita birekin soldaduska egitera deitu zioten gure protagonistari: ´Atotxan egiten genuen aurreneko instrukzioa, gero Loiolako kuartelera joan ginen`. Teoriak laster utzi zituen aparte ordea, soldaduska hasi eta hiru aste eskasera gerra lehertu baitzen. ´Gogoratzen al zara egun horretaz?`, galdetu diogu. ´Bai! Gosaltzen nengoen Loiolan, orduan etxetik gosaltzera joaten baikinen, baina nonbait susmoa izango zuten, eta akuartelatzeko esan. Molak abioiak bidali zituen Donostiara oktabilak botatzera, gerra sortu zela komunismoaren kontra eta... Orduan tubo bat erori zen patioan, parakaidasean. Vallespinen [Loiolako koartelen buruzagia] semea atera zen, pistola eskuan: Ez hurbildu inor!. Tuboa hartu eta aitari eman zion. Sekretua, klaro`. Aginduak partitzen hasi ziren segituan, Laskibar bateriak zaintzen jarri zuten, baina bera ez omen zen oraindik gehiegi aklaratzen, ez baitzuen kontrariorik ikusten parean: ´Zeini tira behar zaiok?` galdetu zuen. ´Hik tira tiratzen dikenari!` erantzun zioten.
Donostiako asaltoa
Loiolako militarrek altxamenduaren alde egin zuten eta Donostia eskuratzeko asmoz tropak bidali zituzten zentrora. Marcial Laskibarrek borroka horietan parte hartu zuen artillero bezala. Lehenik Urbieta kalera bidali zuten munizioa eramatera ´tiroak alde guztietatik jotzen gintuzten!` dio berak oraindik ere badaezpada burua makurtuz. Barrikada eta dinamita artean iritsi ziren Urbieta kalera, atzera-aurrera askoren ostean. ´Halako batean, hor azaltzen da CNTko blindatu bat metrailadorarekin, tirri-tarra guregana... Marokon gerran ibilitako Arana kapitainak kanoia preparatu eta blindatuari tiratzeko esan zigun: mailu bat izaten da, perkutorean jotzeko... tiro eta huts! Alderdi Ederreko jardinetara joan zen! Baina blindatua hor zetorren... Kargatu genuen ostera, tiro eta mutur-muturretik sartu zen!`. Beldurra galanta pasatu zutela aitortu digu Pitikarrekoak.
Maria Cristinako errendizioa
Baina hor ez zen bukatu Donostiako abentura. Erretirada Maria Cristina kasinora egin zuten eta bertako erresistentzian ere izan zen Laskibar. Egun eta erdiz egon ziren bertan, bonba eta tiro artean: ´Asaltoko guardiak nazkatuta zeuden eta errenditu egin behar gaituk! esaten zuten. Baina beheran guardia zibilak zeuden: Eskaileratatik bera jaisten dekenari tiro egingo zioagu!, erantzuten zuten haiek`. Azkenean errenditu ziren eta Laskibarrek gogoan du bertako ofizial gehienak egun berean fusilatu zituztela. Beraiek libratu egin ziren, aginduak betetzen zituzten soldaduak besterik ez ziren-eta.
Frontearen beste aldera, galdu zutenen bandora
Jakina, hor bukatu zen alde bateko periplua, baina beste aldekoa hasi. Filatan zegoenez koartelean presentatu behar izan zuen. Astigarragako Plaza etxeko Manuel Elizondorekin batera aritu zen maestro artilleroari laguntzen. Elizondorekin gerrako istorio asko pasa zituen Laskibarrek: ´Hark suertea eduki zuen, Otxandion geundela bonba baten zartadak begian jo eta etxera bidali zuten`. Irungo batailan aritu ziren biak, oraingoan errepublikaren alde. Hondarribia zuten helburu, baina ez ziren iritsi, kilometro eta erdi baino gutxiagora aritu baitzitzaizkien frankistak tiro egiten. Irun sutan kiskali zen ´gerra botina ez izateko` dio Marcialek. Horren ondoren, Hernanik eta Donostiak ez zuten askorik iraun zutik.
Intxorta, erresistentzia baten sinboloa
Gerra frontea Gipuzkoa eta Bizkaiko mugan geratu zen, Kalamua (767m) eta Intxorta (737m) mendien inguruan. Hain zuzen, azken honetan borrokaldi gogorrak izan zituzten, Durangaldera sartzeko atea baitzen hura. Gure artilleroak bere azalean bizi izan zituen han gertatutakoak. Elgetatik Eibarrera dijoan errepide gainean aritu zen armada erregularrean, kanoi eta guzti: ´Reketeak kanoikada pilo bat bota zituzten Bergaratik eta situazioa ez zen erraza, granadak buruen gainetik pasatzen zitzaizkigun`. ´Eta borrokarik ez zegoenean zer egiten zenuten?` galdetu diogu agureari: ´Kartetan jokatu! Janaria Ermuatik ekartzen ziguten eta zentinelak txandaka geratzen ziren trintxeratan, kaxeta batzuk egin zituzten haientzako. Nik suertea eduki nuen eta Ermuara jaisten nintzen beti lotara...`
´Mendi puntan bandera espainola ikusi nuenean esan nuen: akabo!`
Frankistek Intxorta eta Bizkaiaren kontrako erasoaldia 1937ko udaberrian hasi zuten. Errepublikarrak zerbaiten susmoa bazutela dio Laskibarrek: ´Bergaran zeuden rekete batzuk gure aldera pasa ziren informazio garrantzitsuarekin. Egun berean gure inguruko kanoiak refortzatu genituen eta buruzagi batek esan zigun: Bihar lehenengo orduan han ikusten duzuen pinudira tiro egin!. Goizeko seietan hasi ginen kanoikadaka... ez genuen pinu bat zutik utzi! Eta azpian zeudenak gutxiago!`. Baina etsaia hegazkinekin bonbardatzen hasi zenean gauzak asko zaildu ziren: ´Ikusten genituen Vitori aldetik zetoztela: hiru, beste hiru, beste hiru.. 45 kontatu nituen! Gu trintxeratan sartzen ginen: pinu enborrak, burnizko plantxa bat eta lurra, kitto!`. Egoera horretan, ezin izan zuten askorik iraun Elgetako gain hartan, baina hernaniarrak ondo asko ikusi zuen frankistek Intxortako punta hartu zuten momentua: ´Korrika ikusi nituen urrutian, bandera espainola atera zutenean esan nuen: akabo, iritsi dira!`.
Erretirada luzean Gernika errautsetan.
Intxortakoa pasa eta gero, Laskibarren batailoia erretiradan aritu zen, Asturias arte. Lehenik Gernikara iritsi ziren, bonbardaketa jasan eta ordu gutxira: ´errautsetan` ikusi zuen herria: ´Han ez zegoen inor` dio berak. Ondoren Bizkargin aritu ziren borrokan eta Bilbon ere bai. ´Denbora horretan zure senideen berri izan al zenuen?` egin diogu galdera. ´Ez, baina nik karta bat bidali nuen Bilbotik, estraza paperean, eta Pitikarreraino iritsi zen!` dio. Frankisten erasoalditik ihesean, atzera egin zuten Kantabrian barrena. Laredo pasa eta Santander inguruan deskantsatzeko aukera izan zuten herrixka batean: ´Baserri batean esne egosia izaten zuten eta egunero bi botila edaten genituen!`. Hala ere, ondoren gertatutakoa gogoratzen du Laskibarrek gerratik ondoen. Gares ibai inguruan zeudela lo hartu zuten egunsentian berak eta Bilboko kide batek: ´Esnatu nintzenean kamioia ez zegoen, hasi gaitezkek korrika...! esan nion lagunari`. Etsaia gertu izan zuten egun horietan: hegazkin baten bonbak ondoan jo zien, gosea pasa zuten erruz eta entregatu-ez entregatu duda asko izan zituzten. Azkenean lortu zuten Llanesera iristea, bertako miliziano batzuen laguntzaz.
Gijon: desbentura baten amaiera
Llanesen tropa erregularrekin elkartu eta Gijonera egin zuten ondoren. Hura izan zen azken geldialdia. Artilleriako koartelean geratu ziren eta frankistak hirira iritsi zirenean Donostiako ezagun baten bermeari esker etxera bueltatzeko dokumentua lortu zuen beste bost kiderekin batera. ´Poltsikoan Jaurlaritzaren dirua eta andregaiaren argazkia besterik ez neuzkan` dio Laskibarrek. Hala ere lortu zuten trenez etxera itzultzea: ´Ama ikusi nuen sukaldeko leihotik, atea jo eta... hori poza!`. Epilogoa: Laskibarrek Burgos eta Mirandako errekluta kajan amaitu zuen soldaduska. 1941ean ezkondu eta Hernaniko Zumeta tailerrean hasi zen lanean. Ez da inoiz Intxortara itzuli, ´ez dut aukerarik izan...`, gerrako oroitzapenak ekartzen omen dizkio, ´...eta bai latzak gainera!`.
Erretirada kartografiatua IBILBIDE luzea egin zuen Marcial Laskibar hernaniarrak Gerra Zibilean. Lehenengo Donostian aritu zen nazionalekin, gero Irunen, errepublikanoen bandoan. Ondoren Otxandio eta Intxortako borrokaldi odoltsuak bizitu zituen. Bizkargin, ´burnizko gerrikoa` erori zenean, atzeraka egin behar izan zuten: Laredo, LLanes Gijon... 70 urte geroago, Marcial San Markos gotorlekura itzuli da, Donostia frankistengandik defendatzen aritu ziren lekura. Han ikusi du bera bezalako gizon bat, adinekoa. Galdetu eta baietz, bera ere han izan zela gerran, baina reketeen aldean. 36ko gerra anai arteko gerra ere izan baitzen.