EAE-ANV: «Emakumearen parte hartzea ezinbestekoa da»

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 26a, 02:00

EAE-ANV alderdiak berdintasunaren inguruko eztabaida antolatu zuen atzo Biterin. Marian Beitialarrangoitia zerrendaburuak bertan adierazi zuen ANVren programaren ardatzetako bat dela herritarren parte hartzea, emakumeena barne. Horretarako, herrian berdintasunaren alde lanean ari diren herritarrekin eta taldeekin elkarlana ´beharrezkoa` dela adierazi zuen. Eztabaidan, alderdiaren programa azaldu baino, parte hartu zutenen proposamenak jaso zituzten.

EAE-ANV: ´Jendeak gauzak egiteko beste modu bat nahi du`

Hernaniko EAE-ANV-k azpimarratu du, atzokoan berdintasunaren gaiarekin egin zuen bezala, beste gai batzuei buruz ere herritarren proposamenak eta biltzen eta ikuspuntuak ezagutzen saiatu direla. Horren harira, adierazi dute 13 bilera egin dituztela herriko talde eta bizilagunekin. Guztira 180 bat bizilagunekin bildu dira, esaterako: euskalgintza, kulturgintza eta kirol arloko taldeekin; baserritarrekin; gazteekin; Berriak ostalari eta merkatari elkartearekin; eta auzo elkarteekin (Martindegi, Ereñotzu, Osiñaga, Latsunbe, Lizeaga, Portu...). Esan dute beste auzo elkarte batzuekin ere izan direla, baina ez dutela nahikoa denbora izan denekin egoteko. Bilera horien ondoren, nabarmendu dute herritarren aldetik ´aldaketaren behar haundia` somatu dutela: ´jendeak gauzak egiteko beste modu bat nahi duela nabarmena da`. Sektore batzuetako ordezkariengan bereziki nabaritu dute behar hori, esaterako, kultur eta kirol arloan jendea ´oso baztertua` sentitu omen da azken lau urteotan. Bestalde, ´oso harrera beroa` jaso dutela diote eta herritarrak ´elkarlanerako prestutasun haundia´ erakutsi dutela. Egin duten balorazioarekin batera, alderdiak Andoni Amonarraiz eta Iñaki Arratibel Alkategaiek kanpainan izan duten jokaera ere salatu dute, ´diru eta proiektu publikoak beren alde kanpaina egiteko baliatu dituztela eta`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!