Zorionak guztioi!

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 26a, 02:00

Igarotako igandean denboraldiko azken partida ofiziala jokatu genuen Sevillan. Bezperan abiatu ginen hegazkinez (lehen aldiz) zaletuek egindako aportazio ekonomiko bereziari esker. Hala ere bidaia ez zen batere samurra izan, Loiutik 20:30etan atera eta Malagatik igarota, Sevillara goizeko 01:45etan iritsi ginen, fundamentuz afaldu gabe (bokatak). Behintzat ez genuen 15 orduko autobuseko bidaia pairatu behar izan, baina arazo ekonomikoak direla medio Malagatik igaro behar izanak eta ordu txikitan iritsi izanak ez du batere laguntzen kontzentrazio on baterako, kontrakoa baizik. Erreflexio onen bidez ARDURADUN KOMERTZIALAren papera beteko duen figuraren bila jarraitu behar dugula adierazi nahi izan dut, egoera zail hauek saihesteko bidean jarriko gaituena. Partidari buruz berriz ezer gutxi, zelaian ez zen aurten ezagutu dugun Hernaniko Taldea aritu, haren mamu bat baizik. Akats dexente, kontrako entsegu bihurtu zirenak, urduritasuna nagusi eta inspirazio falta. Sevillarrak aldiz, sendo, oso kontzentratuta eta egin behar zutena argi edukiz. Hauek ere ez zuten Hernanin jokatutakoarekin zer ikusirik. Aurrelari sevillarrak, indartsuak, gure atzeko lerroetatik sartu eta sartu ibili ziren eta guk ez genuen erreakzionatu garaiz hori gelditzeko. Hala ere lehen zatiaren bukaeran (haizea aurka izan genuen) eta 29-8 aurkako emaitza edukita ere, borrokarako gogoz geunden eta bigarren zatiko haizearen laguntzarekin partidari buelta emateko konbentzimenduarekin ere bai. Baina haizea gelditu egin zen eta sevillarren `makinaria` ez. Bukaeran kanporaketa desitxuratu duen 48 - 11ko emaitza. Aipatzekoa, ia haizerik gabe Oierrek 55 metro ingurutik sartutako zigor kolpea. Aipatzekoa ere hasieratik gure taldeko 4 jubenilek jokatu zutela. Honek esan nahi du hurrengo denboraldian aurtengo blokea mantendu ezkero (esan didate talde batzuk jokalari bila sareak botatzen hasiko direla) eta jada senior taldera igoko diren jubenilen aportazioekin, hurrengo denboraldian mailaz igotzeko aukera garbiagoak izan ditzakegula, eta gutxienez, promozioa berriz jokatzeko aukera. Ho-rretarako, etengabe lanean jarraitu beharko dugu udara honetan ere. Hurrengo zita Arrasateko 7ko txapelketa, ekainaren 2an. ZORIONAK GUZTIOI! LANA ETA KEMENA! Joxe Kurutz Elosegi
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!