«Oso perfekzionista naiz, eta nere herrian egin beharreko emanaldian oraindik ere gehiago»

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 26a, 02:00

MANOLO Ortiz, kabaretaren munduan Mally Mally izenez ezagunak, eta Portuko auzotarrak rebista formatuko ikuskizuna eskaini zuen ostegunean. Harekin batean, Trintxerpeko Paco Garciño, Paco Mora, izan zen. Kolore eta izaera ezberdineko emakume pertsonajeen larruan jarri eta dantza eta kantu saioa eskaini zuten: Mally Mally-k umore eta lizunkeriak izan zituen arma; eta Paco Morak Pantoja eta gainerako folkloriken dramak.

Noiz hasi zineten espektakuluaren munduan?

Manolo: Bahia izeneko aretoan hasi nintzen, Donostian, 1974garren urtean. Paco: ni aurretik dantza klasikoan eta kantuan aritzen nintzen. Hala ere, transformista bezala 1990garren urtean eman nuen aurreneko emanaldia, Bali-jai izeneko aretoan, Donostian.

Asko aldatu al da panorama hasi zinetenetik hona?

Paco: Bai, asko. Lehen areto gehiago zeuden horrelakoak egiteko. Orain horietatik asko itxi egin dituzte eta beste ikusle mota batentzat aritzen gara: jai benefikoak, herriko festak, zahar etxeetan giroa alaitzen, eta abar. Manolo: Lehen ia egunero izaten genituen emanaldiak, Madril, Valentzia, Sevillan, leku batetik bestera ibiltzen nintzen lana bilatzen. Ia egunero neukan show-ren bat. Orain geldirik xamar nago, eta urtean 15 bat emanaldi egiten ditut.

Transformismoak askorako ematen du eta aukeratzen hasita, zein pertsonajeren larruan sentitzen zarete erosoen?

Manolo: Cuple-ak kantatzen ditut, umorearekin nahastuta. Pikardia ere erabiltzen dut eta jendea zirikatzea asko gustatzen zait. Paco: Niri folklorikak gustatzen zaizkit, Pantoja eta horrelakoak.

Nola prestatzen dituzue pertsonajeak?

Manolo: pertsonajea aukeratzen dut lehendabizi eta ispilu aurrean pertsonaje horren keinuak imitatzen saiatzen naiz. Jantzi eta makillajeak ere badu garrantzia. Trajeak neronek diseinatzen ditut eta josten ez dakidanez jostun bati ematen dizkiot berak josi ditzan. Zapatekin, 46 zenbakia dudanez, gizonezkoen mokasinak hartzen ditut oinarritzat, eta komeni zaidan telarekin forratu eta takoi pixka bat jartzen diet. Hala ere, Madril eta Bartzelonan ere erosi ahal izan ditut nere zenbakiko takoidun zapatak. Paco: Nik abestiak ikasten ditut lehendabizi, eta pertsonajearen keinuren bat edo beste imitatzen saiatzen naiz. Hala ere, pertsonajea nere izaerara moldatzen dut. Jantziak neronek diseinatu eta neronek josten ditut.

Emanaldia hasi aurretik zenbat denbora ematen duzue prestatzen?

Manolo: Ordu eta erdi. Makillajea oso garrantzitsua da. Erabiltzen dugun makillajea ez da kalerako erabiltzen dena, antzerkirako erabiltzen dena baizik. Fokoek aurpegia asko jaten dute eta asko markatu behar da makillajea. Imagina zazu makillaje honekin tomate saltzera joango banitza plazara, denak aurpegira botako lizkidakete! Abestiro arropa aldatzen duzue.

Nola moldatzen zarete?

Manolo: Abesti bakoitzean arropa aldatzea eromena da. Batzutan bi traje jartzen ditugu, bata bestearen gainean eta horrela azkarrago egiten dugu. Portuko jaietan egin genuen emanaldian 3 artista ginen, orain 2, eta hori dela eta oraindik ere azkarrago egin behar dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!