LEGEGINTZALDI honetako azken plenoa izan zen atzo. Bertan onartu zen, besteak beste, AASS moldatzea Diputazioaren erabakietara, zehazki Karabel eta Txantxillako etxebizitza antolamendua da moldatu dena. Izan ere, Diputazioak atzera bota du Txatxillako eremuari zegozkion babes ofizialeko etxeak Karabelen egiteko erabakia, Eusko Jaurlaritzak eremu honi buruzko azterketa hidrologikoa onartu arte. Erabaki horren aurrean atzo ¡onartu zen, Txantxillan egin beharreko babes ofizialeko etxeak bertan egitea, Karabelerako proposatzen ziren babes ofizialeko etxebizitza kopurua mantenduta. Zehazki honakoa da onartu den etxebizitza antolamendu berria: Txantxillan, prezio tasatuko 60 etxebizitza, 35 BOE, eta prezio libreko 56 etxebizitza; eta Karabelen, 56 BOE eta 80 etxebizitza libre.
Beste zenbait erabaki
Bestetik, AMR Floridatik atera eta Orbegozo poligonora pasatzeko beste urrats bat eman zen atzoko plenoan. Zehazki onartu zen Alkateari eskumena ematea lur sail bat zatitu eta Etorlur enpresari saltzeko. Etorlur Diputazioko enpresa da eta berak da AMR hirigunetik ateratzeko ardura duena. Ur parkearen gestioa kirol patronatuaren esku geratzea ere onartu zen, baita Udalak lurjabe batzuekin trukaketa egitea Renfetik Atzietarainoko igogailua eraikitzeko. Horrekin batera, bi urtetarako Haur Eskolako zuzendaria Pili Ezeiza izatea ere onartu zen. Azkenik Zaharren Egoitzako zuzendaritza obra egin behar zuen eta egin ez duen enpresari erantzukizuna eskatzea eta fidantza ez itzultzea onartu zen. Obra zuzendaritza beste enpresa bati eman zaio eta proiektuan zenbait moldaketa egin ondoren obrak ekaina erdialdean hasiko direla aurreratu du Andoni Amonarraizek, Ongintza patronatuko lehendakariak.