PLENOA izango da gaur udaletxean, legegintzaldi honetako azkena, eta zenbait puntu garrantzitsu eztabaidatuko dira bertan. Batetik, Karabel eta Txantxillako etxeen inguruan hitz egingo da; gai honen inguruko azken berria izan zen Diputazioak atzera bota zuela Txantxillako eremuari zegozkion babes ofizialeko etxeak Karabelen egiteko erabakia, Eusko Jaurlaritzak eremu honi buruzko azterketa hidrologikoa onartu arte. Iñaki Arratibelek azaldu du Eusko Jaurlaritzak onartu duela azterketa hori, eta orain Diputazioak duela berriro ere hitza. Beraz, oraindik ere ez dago zehaztuta Txantxilla eta Karabelgo etxe banaketa nola izango den.
Ur Parkea, Zaharren Egoitza, Haur Eskola, igogailua eta Agustinak
Ur Parkeko gestioa Kirol patronatuaren esku geratzea ere onartuko da gaurko plenoan. Hala ere parkea itxita dagoen denboraldian, gune berdeen mantenimendua Zerbitzu publikoetako sailak kudeatuko du. Zaharren Egoitzako obretaz ere hitz egingo da. Erantzukizunak eskatuko zaizkio, eta ez zaio fidantza itzuliko, zuzendaritza obra egin behar zuela hitzartu eta egin ez duen enpresari. Andoni Amonarraiz Ongintzako lehendakariak azaldu du obra zuzendaritza berria adjudikatua dagoela eta proiektuan zenbait egokitzapen egin ondoren, obrak ekaina erdialdera hasiko direla. Haur Eskolako zuzendaria Pili Ezeiza izatea ere onartuko da plenoan. Pili Ezeiza zuzendari izatea klaustroak proposatu zuen eta bi urtez izango da zuzendaria. Renfeko apeaderotik Atzietara igotzeko igogailua egin ahal izateko beharrezkoak diren terrenoak ere hizketagai izango dira gaurko plenoan. Jabe batek lur bat utziko du beste baten truke. Agustinetako obretaz ere hitz egingo da. Izan ere, Diputazioak eskatu du eremu horri dagokion 300 m2-ko eremu berde edo librea gordetzeko.