AMHER elkarte multikulturala etorkinen boto eskubidea aldarrikatzeko zenbait ekintza ari da egiten Udal eta Foru hauteskundeetan zehar eta iganderako ere ekintza bat baino gehiago dute prest. Egunotan, triptikoak ari dira banatzen, herritar bakoitzak bete eta mahaiko Lehendakariari entregatzeko, honek aktan jaso dezan. Erreklamazioa da jendeari bete eta entregatzeko eskatzen ari zaiona, Europar Batasunetik kanpokoak diren etorkinei boto eskubidea ukatzen zaiela salatzeko.
EAEn 85.000 lagun inguru
Boto eskubiderik ez duten etorkinak ez dira bat edo bi, AMHERek emandako datuen arabera Euskal Autonomia Erkidegoan 85.000 inguru dira. ´Hemen bizi, lan egin, zergak ordaindu, euren umeak eskolara bidaltzen dituzten pertsonak dira. Beren egoera erregularizatzeko oztopo guztiak gainditu dituztenak (eta asko dira), beren familiak berriro batu dituzte, hemen jaiotako seme-alabak dituzte eta hemen bizi nahi dute` nabarmendu du AMHERek. Salatu dute zentzugabea dela Europar Batasunetik kanpo jaio izanagatik, edo euren herrialdeek espainiar Estatuarekin akordiorik sinatu ez izanagatik Udal hauteskundeetan ezin parte hartu izatea.
Botoa utzi
Hauteskunde egunean AMHERek egingo dituen ekintzetako bat boto eskubidea uztearena izango da. Zenbait herritarrek bozkatu ezin duten inmigranteei utziko die bozka aukeratzen eta beren boto eskubidea etorkin hauen bozka emateko erabiliko dute. Ez da AMHER elkarteak ekintza hau egiten duen lehen aldia, lehenago ere egin izan du.