Elkartzen taldearen iritzian, alderdi batzuk ´hauteskundeak hurbiltzen direnean soilik gogoratzen dira eskubide sozialetaz`, prentsa ohar batean nabarmendu dutenez. Legealdian Gobernuan izan diren EAJ, EA eta EBk egindakoa aztertu behar dela uste du Elkartzenek ´oposizioko PSE eta PPk ez baitute gai sozialen inguruko ekarpenik egin, babestu edo abstenitzera mugatu dira`.
Alokairu sozialeko etxebizitza parke publikoa eskatu du Elkartzenek eta azpimarratu du Arau Subsidiarioek planteatzen dutela ´etxebizitza gehiago, espekulazio gehiago eta benetako soluzio gutxi`. Arauak hernaniarron beharrak aztertu gabe egin direla azpimarratu dute eta ez dutela bermatzen etxebizitza eskubidea ´lan egonkortasunik eza eta soldata prekarioak dituztenentzat`. Herria neurrigabe haunditzea planteatzeaz gain, nahikoa ekipamendu soziala ez dela aurreikusten uste du Elkartzenek eta gaineratu du ´EB gobernuan egonik, baztertuak dauden sektoreen interesak kontuan hartuko dituen etxebizitza politika espero zitekeen, baina ez da horrela izan`. Etxe hutsak erabiltzeko neurri nahikorik ez dela planteatzen ere nabarmendu du Elkartzenek eta BOEak eraiki arren, ez dutela etxebizitza eskubidea bermatzen.
Bonobusa eta bonobus soziala ere eskatzen du Elkartzenek eta gogoratu du hiru urte pasa direla ´1.700 hernaniarren babesarekin eskaera aurkeztu eta onartu zela eta Udalak martxan jartzeko konpromezua hartu zuen. Hilabete batzuk beranduago esan zuten herriarteko garraioa Diputazioaren esku dagoela eta Udalak ezer gutxi egin dezakeela` azpimarratu dute. Lurraldebus sortu arren, deskontu sistema ez dela inolaz ere egindako eskaerara hurbiltzen salatu du Elkartzenek eta 0,20 euroko igoera izan duela txartelaren prezioak ordutik. Ekainaren 4tik aurrera txartelak 1,25 balioko du Donostiara, eta 0,20 euroko igoera hau salatu du Elkartzenek eta esan du: ´hauteskunde kanpainan irakurri dugu bonobusa martxan dagoela, norbaitek ba al daki non dagoen?`.
Hilabetean 804 euro baino gutxiago irabazten dutenentzat udal tasen murrizketa ere eskatu du Elkartzenek, eta diote sindikatu eta eragile sozial desberdinen babesarekin mozio bat aurkeztu zutela pobreziaren muga kontuan hartzeko; ´gobernu batzarraren erantzuna ezezkoa izan zen aurretik onartutako murrizketak badaudela esanez` adierazi dute.
Lan istripuen aurkako borrokaren inguruan Elkartzenek dio: ´nahiz eta gai honen inguruan proposamenik ez egin uste dugu Udalak ez duela inolako neurririk hartu`.