Hernaniko PSE-EEko Alkategaiak, Jose Ramon Chicak, azpimarratu du onartu zain dauden arau subsidiarioak garatzeko eta Hernanin babes ofizialeko etxebizitza sustatzeko konpromisoa hartu dutel. Chicak nabarmendu du Hernaniko arazo haundienetako bat babestutako etxebizitza falta dela, eta arau subsidiarioen garapenak Hernanin 1.037 babestutako etxebizitza aurreikusten dituela. PSE-EEk azpimarratu du ´etxebizitza arazoa fikziozkoa dela uste dutenen aurrean, edo eraikitakoa aprobetxatuta eta lokalak etxe bihurtuta konpondu litekeela, Sozialistok etxebizitza eraikitzea ezinbestekoa ikusten dugu, herriko eskariari erantzuna emateko`. Chicak nabarmendu du, libreak eta babestuak kontuan hartuta, arau berriek 2.496 etxebizitza berri aurreikusten dituztela Hernanirako eta horiek garatu eta lurzorua erosten inbertituko dutela dirua, ´hernaniar guztiek etxebizitza eskuragarri izatea bultzatzeko`.
Hazkuntza jasangarria
Hernaniko alderdi sozialistak nabarmendu du, zenbaitek uste duela Hernanik ez duela haunditu behar, baina horren aurrean PSE-EEk hazkuntza jasangarri baten alde egiten duela ´ingurugiroa errespetatu eta herritar guztien mesederako izango dena, interes partidista nahiz partikularrak lagundu gabe`. Horrez gain diote, hirigintza garapena gelditzeak gazteak eta herritarrak herritik kanpora bizitzera joan beharra dakarrela, eta PSE-EEk uste du herritar guztiek dutela herrian bizitzeko eskubidea, ´etxebizitza eskubideak ez duelako partiduko interesei lotua egon behar, sozialistok defendatu eta sustatuko dugu gure herriaren hirigintza garapena` diote.