Ezkerra? Egin behar dugu? Hitza Bete? Hernanin ez behintzat!

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 23a, 02:00

Nere asmoa zen itxaropenari buruz, prozesuari buruz eta Euskal Herriari baietza emateak duen garrantziari buruz hitz egitea, baina gure herri honetan udaletxean agintzen daudenak hain gobernari kaxkarrak dira non erabat aldatu behar izan dudan idatzi hau. Horregatik demagogia, arduragabekeriari, harropuzkeriari eta sasiprogresiari buruz hitz egingo dugu. Eta hasiko gara demagogiarekin. Zer da demagogia? Demagogia da Arratibel eta Merkado jaunek egiten dutena Portu-Karabel inguruan ez dakit babes ofizialeko zenbat etxe egin behar dituztela agintzen dutenean. Aldi berean dakitenean Diputazioak ukatu diela Karabelen eraiki nahi zituzten lehen etxe multzoa eraikitzeko baimena. Egun informazio hori udaletxeetako zinegotziek dute eta bazuten lehen ere, Karabel inguruan ezin dira eraikin berriak egin uholde arriskua dela eta. Beraz adarrik ez jo hernaniarrei. Arduragabekeria da ez esatea Karabeleko asmoak atzera bota izanak udalak aurreikusita zeukan milioi bat euroko diru sarrera galtzea dakarrela. Bere garaian Bildu Hernanik salatu zuen iada 2007ko udal aurrekontuetan agertzen ziren diru sarrerak puztuak zeudela. Beste diru sarrera batzuk ere uste baino txikiagoak izango dira, egungo udal agintarien kudeaketa txarra dela medio, beraz, ez da panorama ederra hauek uzten ari direna. Demagogia da Amonarraiz jaunak egiten duena kiroldegiak salduz herritarren artean, lau urte hauetan behin eta berriz agindu duenean Zaharren Egoitza berria, eta oraindik ladrilo bat bera ere jarri ez duenean. Harropuzkeria da Amonarraiz jaunak etengabeko protagonismoa hartu nahi duenean eta gainontzeko PNVeko hautagaiak izkutatzen dituenean. Zer gertatzen da? PNVeko beste hautagaietaz lotsatzen al da edo? Gure aitak dioen moduan, norberak bere burua hainbeste goraipatzea ez da gauza ona. Eta sasiprogresia da egun ezkerraren alternatiba moduan agertzea, lau urte Abiadura Handiko Trena eta Errauskailua bultzatzen dutenekin gobernatzen egon eta gero. Sasiprogresia da 2007an Hernanin hautagai euskaldun bat aurkezteko gai ez izatea, kontrakantxa gaztetxearen aurka aritzea eta kultur taldeei zentsura politikoa ezartzea Ezker Batuak-badirudi Aralarren sostenguarekin- egin duen moduan. Zorionez hernaniarrok badugu aukera guzti honekin apurtzeko. Hurrengo igandean udala aldatzeko aukera dugu, ondo legoke aprobetxatzea.

Mikel Arrieta Iraola

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!