Etzi, maiatzak 27, izango dira Udal eta Foru hauteskundeak. Frankismoaren ondorengo zortzigarren hauteskundeak izango dira hauek, eta datozen lau urteetan Hernaniko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Batzar Nagusiak osatuko dituzten ordezkariak aukeratuko dituzte 15.384 hernaniarrek.
Nola eman behar da botoa?
Hernaniarrek, bere bizilekuaren arabera, hauteskunde eskola ezberdinetan eman beharko dute botoa. Botoa eman dezaketen herritarrek etxean jasota behar dute botoa eman beharreko lekua, eta bestela Udaletxean galdetu dezakete, 2garren solairuan, igandean, 09:00etatik 20:00etara. Hernanin zazpi eskola izango dira: Biteri kultur etxean (sekzioak: 1, 2A, 2B, 3, 11A eta 11B); Elizatxo ikastolan, Gabriel Celaya eskola zenean (sekzioak: 4A, 4B, 5, 13A, 13B, 16A eta 16B); Larramendi kaleko Udal geletan (sekzioak: 6A eta 6B); Elizatxo ikastolan (sekzioak: 7A, 7B eta 12); Zikuñagako Udal eraikinean (sekzioak: 8A eta 8B); Txirrita ikastetxean, Ereñotzun, (sekzioak: 9); eta Langile ikastolan, Laubidietan, (sekzioak 10A, 10B, 14 eta 15). Udalerako botoa emateko, gutun txurian sartu behar da zerrenda eta urna gardenean bota. Batzar Nagusietarako, berriz, gutuna laranja kolorekoa da eta urna ere bai. Eskola barruan zerrenda guztiak eta gutunak eskuragai izango dira eta, botoa prestatu ondoren, mahaiko lehendakariari Nortasun Agiria erakutsi eta botua eman ahal izango da. Botoa prestatzeko kabinak ere izango dira, botoa sekretuan aukeratu ahal izateko.
Nork osatzen du mahaia?
Mahai bakoitzean Lehendakaria eta bi bokal izaten dira. Hauek herriko zentsua hartu eta zozketa bidez aukeratu dira, eta etxera iritsi zaie notifikazioa. Hauez gain, hauteskundeetara aurkeztutako alderdi bakoitzak aukera du mahai bakoitzean interbentoreak jartzeko eta mahaiez mahai ibiliko diren apoderatuak.
Zer erabakiko da igandeko hauteskundeetan?
1.-Hernaniko Udaleko ordezkariak Igandean Hernaniko Udaleko ordezkariak aukeratuko dituzte 15.384 hernaniar inguruk, lau urterako (2011ra arte). Sei alderdik aurkeztu dituzte zerrendak eta 17 jarleku izango dira jokoan. Hasieran 7 izatekoak ziren, baina Hernaniko Abertzale Sozialistak plataforma legez kanpo utzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, Alderdien legea aplikatu eta gero. Sei aukera hauek izango dira, beraz, Udalerako jarlekuen lehian: EAE-ANV, EA, EAJ-PNV, PSE-EE, EB-Berdeak/Aralar, eta PP. Udal Gobernuak 11 gai edo batzorderen ardura izango du, Alkatetzaz gain, oraingo batzordeak mantentzen badira (legegintzaldi bakoitzean sortu eta kendu litezke): Etxebizitza eta Gizarte gaia; Hazienda eta Ondarea; Pertsonala; Zerbitzu Publikoak; Ingurugiroa; Hirigintza, Kultura; Hezkuntza; Formazioa eta Lana; Euskera; Obra publikoak; eta Udaltzaingoa. Horrez gain, bi Udal Patronatu ere hartuko dituzte bere gain, Kirol Patronatua eta Osasun eta Gizarte Ongintza Patronatua.
2.-Gipuzkoako Foru Aldundiko Batzar Nagusietako ordezkariak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Batzar Nagusietako ordezkariak ere aukeratuko dira igandean. 51 Batzarkidek osatzen dituzte Batzarrak eta Aieteko Etxe Zuri jauregian dute egoitza. Batzar Nagusietarako ordezkariak aukeratzeko zerrenda bat baina gehiago izango du alderdi bakoitzak, barruti ezberdinak baitaude. Azpeitialdea, Bergaraldea, Tolosaldea eta Donostialdea. Hernaniarrek Donostialdeko zerrendakideei eman diezaiekete botua eta bertan sei zerrenda izango dira: EAJ-PNV, EA, PP, PSE-EE, eta EB-Berdeak/Aralar eta Plazandreok. EAE-ANV eta ASB alderdietako zerrendak legez kanpo utzi ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, alderdien legea aplikatuta. Lurraldean herritarren ordezkari-tzarako organo gorena dira Batzar Nagusiak eta eginbehar hauek dituzte: araugintza-ahalmena gauzatzea, Diputatu Nagusia aukeratzea, Gipuzkoako aurrekontuak onartzea, eta Aldundiaren jarduna kontrolatzea eta sustatzea. Foru Aldundiko erabakiak Batzar Nagusietan hartzen dira. Azken legegintzaldian Leire Ereño izan da Batzar Nagusietako lehendakaria eta Eusko Abertzaleak taldeak (EAJ) izan ditu ordezkari gehien: 16. Batzarkideek aukeratuta, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri izan da Diputatu Nagusi azken legealdian.
Nola eratzen da Udal Gobernua?
Herritarren botoen arabera banatzen dira Udaletxeko 17 jarlekuak eta banaketa hau D’Hont legearen arabera egiten da. Jarleku bat lortzeko gutxienez emandako botoen %3a izan behar du zerrenda batek, baina portzentaje honek ez du ziurtatzen jarlekua. Hauteskunde egunean zenbaketa egiten da, mahaikide guztien bistan, eta bakoitzari dagozkion jarlekuak egunean bertan ezagutarazten dira. Ekainaren 16an aukeratuko da Alkatea inbestidura saioan. Bertan zinegotziek beren kargua hartuko dute (alderdi bakoitzari jarlekuengatik dagozkionak) eta Alkatea aukeratzeko botazioa egingo dute. Botoa sekretua da eta botazio horren zenbaketan gehiengo absolutoa (Hernanin 17 jarlekuetatik 9) lortu duen hautagairik ez badago, ez da botazioa errepikatuko, eta automatikoki hauteskundeetan boto gehien izan dituen zerrendako hautagaia jarriko da Alkate. Botoen gehiengoa izan gabe Alkate izateko, inbestidura saioan gehiengo absolutoa lortu behar du zerrendaburu batek. Inbestidura saiotik Alkate ateratzen denak izango du Gobernu taldea eratzeko ardura. Gobernu taldea eratzeko ez da beharrezkoa izango gehiengoa izatea.