HITZARMENA sinatu zuten atzo Aranzadiko Lehendakari den Jose Miguel Larrañagak eta Hirigintza eta Ingurumeneko zinegotzi den Iñaki Arratibelek. Hitzarmena sinatzeko garaian azaldutakoaren arabera, asmoa da herrian dagoen natur ondarearen inbentario bat egitea eta zein egoeratan den aztertu ondoren, zenbait ekintza planteatuko dira: behar dena babestu eta ondasun hori ondo kontserbatzeko. Aranzadiko lehendakariak azaldu zuen gaur egun Donostian egiten ari direla antzeko ikerketa bat. Hala ere mota honetako azken ikerketa 80ko hamarkadan egin zen, eta EAE osoan. Ikerketa hori orain egingo den azterketarako baliagarria izango dela azaldu zuen.
Zer ikertuko den
Hernani osoa hartuko duen ikerketa honetan, Urumea eta gainerako errekak eta inguruko ekosistemak, putzuak, hildako egurra, bertako zuhaitzekin osatutako basoak eta baso azalera ikertuko dira besteak beste. Ikerketak 6 hilabete irautea aurreikusi dute, eta 2007 urte barruan bukatuta egotea espero dute. Lan honetan bi pertsona ariko dira: botanikari bat eta biologo bat. Haiekin batera zenbait kolaboratzaile ere ariko dira. Azpimarratzekoa da, biologoa hernaniarra dela, Iñaki Sanz.
Ikerketa egiteko arrazoiak
Arratibelek ikerketa egitearen arrazoiak azaldu zituen. Esan zuen ingurumenaren eta garapen jasangarriaren inguruan orain arte gizakiarekin zer ikusia duten eremuetan egin dela lana, adibide bezala jarri zuen zarata murrizteko egiten ari diren ahalegina. Herriko ondasun naturalak ere garrantzia baduela eta ondare hori hobetzeko ekintzak egiteko beharra ikusi zuen udalak. Horretarako, lehenik eta behin ikerketa hau egingo dute.