Gipuzkoa osoko autobusetan erabili ahal izango den txartel bakarra aurkeztu zuten atzo Donostiako Lurraldebus Gunean Diputazioko arduradunek. Bere erabilpenak eta tarifak azaltzeaz gain, jakinarazi dute Hernaniko lineak izango direla lehenak txartel bakar ofiziala erabiltzen, ekainaren 4tik aurrera.
Proba pilotuak harrera ona
Orain arte ere erabili ahal izan da Hernanin txartel bakarra, proba pilotua egin baitute Garayar eta Areizaga enpresetako eta herri barruko autobusarekin. Atzo esan zutenez, probetan txartel bakarrak ´oso harrera ona` izan du eta banatutako 500 aleekin 32.713 bidaia ordaindu dira: Garayar enpresako lineatan 21.259, Areizaga enpresako linean 11.355, eta herri barruko autobusean 109. Proba hilabete hauetan, 130 gertakariren berri ere jaso dute, gehienak jaitsieran bidaia makinan ez ixteagatik.
Gipuzkoa osoan urritik aurrera
Lurraldebus txartel bakarrarekin Gipuzkoa osoan ibili daiteke baina eskualde guztiak ez dira batera sartuko egitasmoan; lau fasetan egingo dute: 1. fasean (ekainaren 4tik): Donostialdea, Buruntzaldea, Txingudi, Tolosaldea eta Goierri; 2. fasean (uztailaren 2tik): Donostia-Tolosa tranbia konpainia (autobus berdeak); 3. fasean (abuztuaren 1etik): Urola bailara eta Debabarrena; eta 4. fasean (urriaren 10etik): Deba Goiena eta Pesako lineak (Gasteiz eta Bilbo aldera dijoazenak).
Txartel bakarra eta deskontuak
Txartel bakarra erabiltzeko makina bereziak jarriko dituzte autobusetan. Erabiltzaileak, autobusera sartzean, txartela makinara gerturatu beharko du eta jaisterakoan, berdin. Horrela, makinak automatikoki kenduko du txartelatik bidaiari dagokion diru kopurua. Txartelak saldorik eduki ezean, makinak argi gorri bat piztuko du eta autobus gidariarengana jo beharko da. Txartelek % 15eko, %35eko, %70eko, eta %90eko deskontuak izan ditzakete, hilean egindako bidaien arabera, eta automatikoki aplikatuko dira.
Prentsa saltokietan eskuragai
Txartelak prentsa saltoki ofizialetan salduko dira eta 4 euro balioko dute. Eskatzailearen izena eta argazkia izango dute eta 5etik 300 eurora arteko errekargak egin ahal izango dira. Txartelak ez du kaduzidade eperik izango.
Hernani Lasarte eta Usurbilekin lotzeko autobus linea berri bat jarri nahi dute
Aurrerantzean Hernanitik Usurbil eta Lasarte herrietara garraio publikoa erabilita iristea posible izango da. Hori jakinarazi du Andoni Amonarraiz Hernaniko Zerbitzu Publikoetako zinegotziak, prentsa ohar batean. Linea berria ´lehenbailehen` jarri nahi dute martxan eta Hernani, Lasarte, Usurbil, Zubieta eta Astigarraga lotuko lituzke. Proiektuak ‘Urbil’ merkatal zentruan geltokia jartzea ere aurreikusten du eta Diputazioak ´argi berdea` ematearen zain dago momentu honetan. Autobus enpresen arteko akordio posiblea Autobus berriaren atal gehienak oraindik finkatu gabe daude. Linea esplotatuko duen enpresari dagokionez, Amonarraizek adierazi du ziuraski lehiaketa bat atera beharko dutela hori erabakitzeko: ´normalena litzateke, baina badakigu Areizaga, Garayar eta Tranbiako autobusen artean (autobus berdeak) hitz egiten ari direla, eta baliteke akordio batera iristea`. Linearen ordutegiak eta Hernanin izango dituen geltokiak ere finkatzeko daude: ´Geltokia Zinkoenean jartzea pentsatzen dugu, eta ordutegi aldetik, lantegietako sarrera eta irteera orduetan maiztasun haundia izatea gustatuko litzaiguke` dio EAJ alderdiko zinegotziak.