Sevillarren aurrean amore eman behar izan zuen Hernanik aspaldiko denboraldi onenean

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 21a, 02:00

Sevillarrak gehiago izan ziren, eta bi zatien hasieran hernaniarrek andaluziarrei eutsi bazien ere, ez dago atzoko emaitzari aitzakiarik jartzerik, 48-11. Sevillarrek, iaz Ohorezko mailatik jaitsita, igotzeko talde gogorra prestatu dute denboraldi honetarako eta atzo ez zuten barkatu. Partidu ondorenean, lasai zegoen Joxe Elosegi Hernaniko entrenatzailea, denboraldi borobila egin izanaren pozarekin, eta helburuak ondo beteta. Elosegik atzo berriz ere azpimarratu zuen, harrobiko jendearekin eta hain talde gaztearekin, hain gora iristea izugarria dela. Jokalariak tristeago zeuden, oso zaila izango zela jakin arren, bai baitzuten hortzak gehixeago erakusteko esperantza. Atzo partidu ondorenean egin zuten etxerako buelta Hernaniko jokalariek abioian, eta Sevillara inguratutako 20 zaletuk autoan.

Hurrengo denboraldiari begira Aurtengo helburua ligan goian ibiltzea zen eta ahal zela igoera fasea jokatzeko sailkatzea. Hernanik helburuak ondo bete ditu beraz. Datorren urtera begira Ohorezko mailara igotzea izan lezake helburu Landareko taldeak, baina Hernaniren filosofiari eutsita, harrobia eta etxeko jendearekin lan eginda. Taldea badagoela erakutsi dute eta orain datorren denboraldirako taldea mantentzea izango dute erronka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!