Gorengoak Mutrikun jokatuko du gaur burua igoera fasean duela

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 19a, 02:00

Mutrikuk irabazi beharra dauka mailaz ez jaisteko. Gaur, 16:30etan Mutrikun. 1. mailako jubenilak agur esango dio denboraldiari eta kategoriari, igo egin baitira.

Gorengoen mailan dena erabakita dago goiko postuetan, liga amaitzeko 2 partidu falta direnean. Zarautz txapeldun izango da eta hirugarren mailan jokatuko du datorren denboraldian. Hernani, berriz, bigarren izango da eta igoerako promozioa jokatuko du, Bizkaiako eta Arabako Gorengoen mailako bigarrengoekin.

Mutriku jetsierako arriskuan

Hernanik bere lanak bukatuak baditu ere eta goiko postuetan dena erabakita badago ere, sailkapeneko beheko partean ez da hori gertatzen, eta Hernaniren gaurko arerioak, Mutrikuk, mailari eusteko azken aukera izango du gaur. Mutriku azkenaurrena doa sailkapenean eta bere gainetik dituenak 4 eta 5 puntura ditu. Beraz, gaur galduko balu matematikoki maila galduko luke. Hau dela eta, gaurko partiduak bi aurpegi ditu Hernanirentzat. Alde batetik zuriberdeek igoera promozioa prestatzeko partidu gogorra izango dute eta euren sasoi puntua probatzeko aukera ona izango dute. Baina, bestetik, mutrikuarrek jokatzen dutena ikusita, talde zuriberdeak ezingo ditu arrisku gehiegi hartu eta juxtuan dauden jokalari batzuei atsedena emateko aprobetxatu dezakete partidua. Gaur, arratsaldeko 16:30etatik aurrera ikusiko da, Mutrikuko San Miguel zelaian, zuriberdeek nola planteatzen duten partidua.

Lehen mailako jubenila igoera ospatzera

Lehen mailako jubenilek Ohorezko mailarako igoera lortu zuten joan zen astean, Beasaini 2-1 irabazita. Igoera faseari gaur emango diote amaiera, baina, aurreko asteko garaipenarekin, bigarren doan Tolosari 4 puntuko aldea ateratzen diote. Zuriberde gazteek igoera fase ikusgarria egin dute, gaur arte jokatutako 17 partiduetatik, 15 irabazi, 1 berdindu eta bakarra galdu baitute. Gaur, arratsaldeko 17:30etan Irunen Behobia-Hernani. Igoera fasea amaituta, mailako txapelduna erabakitzeko finala faltako zaie, beste taldeko liderraren aurka.

Hernani-Tolosa bihar Zubipen

Emakumezkoen ligako igoera fasean, igoerarako aukerarik gabe da talde zuriberdea, baina, egindako denboraldi bikaina borobildu nahiko dute, etxeko azken partidua irabazita. Hernani-Tolosa, bihar 12:15etan Zubipen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!