Sevillatik pasako da azkeneko trena bihar

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 19a, 02:00

Landaren galdu eta gero, Sevillan irabazi beharra dauka Hernanik mailaz igotzeko

El monte ciencias-hERNANI cre, Sevillako La Cartuja estadioan, bihar eguerdiko 11:30etan. Zita haundietako kartela dirudi eta halaxe da. Errugbiko ohorezko mailara igoera biharko partiduan jokatzen dute bi taldeek eta lehenengo partiduan ikusitakoaren arabera, bi taldeek merezi badute ere igoera lortzea, bihar bakarrak lortuko du helburua. Kale edo bale.

Zaila bai, ezinezkoa ez

Igoerako promozioa noren aurka jokatu behar zuten jakin zenetik, sevillarrak eman dituzte faborito ia gehienek. El Monte Ciencias errugbiko talde historikoa da eta iaz goiko mailatik jeitsi bazen ere, beti ibili izan da estatuko elitean. Baina, zelaian historiak eta izenak gutxi balio dute eta hernaniarren ilusioak ere zeresan haundia izango du. Landaren jokatutako partiduan, Hernanik maila izugarria erakutsi zuen lehenengo zatian eta sevillarrak beraiek ere ez zuten espero hain talde indartsua topatuko zutenik aurrean. Azkenean, sevillarren nagusitasun fisikoa eta esperientziak eman zien garaipena bigarren zatian, 23-25, baina latz sufrituta. Joaneko partidua ikusita, ez dago markagailuarekin espekulatzerik, errugbian bi puntu ez baitira ezer eta kanporaketa zerotik hasten dela esan daiteke. Igoera eskuratu nahi duenak, biharko partidua irabazi beharko duela esan daiteke. Horretarako Hernanik lehenengo zatiko mailari eutsi beharko dio partidu guztian. Hori lortzen badu izango ditu aukerak.

Baja garrantzitsuak

Aurreko partiduak baja garrantzitsuak utzi zituen hernaniarrentzat. Jon Apaolazak ezker belaunean min hartu zuen eta denbora baterako zelaietatik kanpo izango da. Axier Insausti ere zalantza izango da. Bestetik, Pelaz ere ez da zelaian izango, sanzioa medio. Kronikak jakin duenez, hernaniarrak ez dira bakarrik izango Sevillan. Taldea abioian badijoa ere, zenbait zale kotxez joatekoak baitira. Ea abioiez edo kotxez, baina denen artean igoera dakarten herrira.

22 jokalari doaz Sevillara: Joxe Elosegi eta Gurutz San Miguel entrenatzaileekin: Gorka Sarasola, Javi Seco, Aimar Marco, Fco Javier Pernas, Aritz Mitxelena, David Pelaz, Jon Otxotorena, Arkaitz Otaño, Igor Genua, Iraitz Garmendia, Aitzol Larrañaga, Oier Garmendia., Igor Etxeberria, Manex Casado, Arakaitz Ruiz de Garibay, Ugaitz Otaño, Iñaki Yarza, Mikel Orbegozo, Arakitz Otegi, Jon Apaolaza, Gorka Eizmendi eta Jokin Esnal. Baja direnak ere bidaiatu egin dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!