Etorkinen eskubideak eta euskera hizpide, hauteskunde kanpainako bi mahai ingurutan

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 19a, 02:00

AMHER elkarteak antolatu zuen etorkinen eskubideen ingurukoa eta Dobera Euskara Elkarteak euskeraren ingurukoa. EB-Aralar, EAJ-PNV, EAE-ANV, EA eta PSE-EE alderdietako ordezkariek hartu zuten parte.

ostegunean bi mahai inguru izan ziren Biterin, datozen udal hauteskundeetako hautagaiekin. AMHER elkarte multikulturalak antolatua izan zen lehen mahai ingurua eta EA, EB-Aralar, PSE-EE, EAJ-PNV eta EAE-ANVko zerrenda buruek hartu zuten parte: Iñaki Arratibel, Beatriz Fernandino, Jose Ramon Chica, Andoni Amonarraiz eta Marian Goitialarranbeitiak, hurrenez hurren. Joxe Elizondo Niko AMHEReko kideak gidatu zuen mahai ingurua eta Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeriako kideak egin zuen aurkezpena.

Boto eskubidea ukatua

Unzurrunzagak azaldu zuen europar komunitatetik kanpoko etorkinek ukatua dutela boto eskubidea, bertan 10 urte egiten dituzten arte behintzat. Proposatu zuen Konstituzioko 13/2 artikulua aldatzea, eta adibidetzat Europako hainbat herrialde jarri zituen, etorkinek boto eskubidea bai baitute bertan: Suezia, Danimarka, Holanda, Belgika... Konstituzioak biltzen duen reziprozidadeko eskubidearen inguruan SOS arrazakeriako kideak esan zuen, zenbait herrialderekin ezinezkoa dela sinatzea eta azpimarratu zuen 1978az gero Noruegarekin bakarrik sinatu dutela reziprozidade akordioa. Bost alderdietako Udal zerrenda buruek ere inmigranteen boto eskubidearen alde egin zuten eta bakoitzak bere programan inmigrazioaren inguruan biltzen duena edo bere alderdiak duen iritzia azaldu zuten. Hitzaldi bukaeran entzuleen galderei erantzun zieten.

Euskera, erabilera faltan

Osteguneko lehenengo mahai ingurua euskeraren gainean egindakoa izan zen, Biterin. EB-Aralar, EAE-ANV, PSE-EE, EA eta EAJ-PNVko ordezkariek hartu zuten parte bertan, Txema Merkado eta Xabier Peñagarikano, Marian Beitialarrangoitia, Joseba Gurutz Gomez de Segura, Iñaki Arratibel eta Natali Ugaldek, hurrenez hurren. Moderatzaile lanak Jon Odriozolak egin zituen. Guztiek nabarmendu zuten euskeraren alde egiteko asko dagoela, batipat erabilera bultzatzeko, eta guztiek hartu zuten Udalean euskeraren alde egiteko konpromisoa. Udalean, 2003an jarri zen indarrean euskera plana eta aurten Ongintza Patronatuan eta Kirol Patronatuan jarri dute indarrean. Hizlariek azpimarratu zutenez, horrek balio izan du langileek tituluak atera zitzaten, eta erabilera ugaritu bada ere, asko dago egiteko oraindik bide horretan eta aurrerako erronka izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!