ETXERATEK, datozen udal hauteskundeei begira, presoen eskubideen aldeko nazio mailako ekimen berri bat jarri du martxan. Ekimen honen bidez alderdi ezberdinetako zerrendetako kideei konpromiso pertsonala eskatu diete, euskal presoen eskubideak defendatu eta aldarrikatu ditzaten. Tratu duina izateko eskubidea, osasun eskubidea, komunikazio eskubidea, hezkuntza eta hizkuntza eskubidea, askatasunerako eskubidea eta kolektiboko kideak elkarrekin egoteko eskubidea dira aldarrikatzen dituzten eskubideetako batzuk. Eskubide guzti horiek idatzi batean bildu dituzte eta idatzi hori alderdi ezberdinetako hautagaiei ematen ari dira, sinatu dezaten.
´Eskatzen duguna da idatzi hori osotasunean sinatzea eta konpromisoa hartzea, urratuta dauden eskubide horiek aldarrikatzeko. Hauteskundeetan presoen gaiak presentzia izatea nahi dugu, baita legealdi osoan ere` azaldu dute Etxerateko kideek. ´Presoak herritarrak diren heinean haien eskubideak bermatzeko ardura dute politikoek` gehitu dute.
Konpromiso pertsonala
eskatzearen zergatia
Etxerateko kideek azpimarratu nahi izan dute eskatzen dena konpromiso pertsonala dela eta ez alderdi politiko baten konpromisoa. Honen arrazoia azaldu dute: ´konpromiso pertsonala da eskatzen dena. Askok diote partidu politiko bati lotuta daudela, eta ezin dutela alderdiaren konpromisoetatik aparte ezer ere sinatu, beste batzuek bai. Kontraesan hori gertatzen da. Horregatik eskatzen da konpromiso pertsonala, hortik ateratzeko`. Horrez gain, aipatu dute eskubideak eskubide direla beti eta ez luketela aldatu behar egoera politikoaren arabera: ´egoera politikoaren arabera alderdiek ez lukete eskubideen inguruan duten iritzia aldatu behar. Eskubideak eskubide diren heinean bete egin behar dira. Orduan zergatik zenbait alderdik egoera batean eskubide batzuk defendatzen ditu eta besteetan ez?`, galdetu dute Etxerateko kideek.
Hernaniko lau preso 3/4ak beteta
Etxerateko kideek azaldu dute Hernanin lau preso daudela kondenaren 3/4ak beteta dituztenak: Araitz Zubimendi, Pakito Lujanbio, Inma Noble eta Javier Zabaleta Baldo-k. Euskal Herri osoko datuei erreparatuta, guztira 144 preso daude zigorraren 2/3ak edo 3/4ak beteta dituztenak. Bestalde, larri gaixotuta edo gaixotasun sendaezinak dituen Hernaniko presorik ez bada ere, Euskal Herriko 12 preso daude egoera horretan.