Etzi Atsegindegin toki askotatik etorritako enkajerak elkartuko dira, Berriak-ek antolatutako II. Enkajeren Topaketan. 10:30etatik 13:30etara Berriozarko, Errenteriako, Zumarragako eta beste hainbat herrietako 120 bat enkajerek beren lan berrienak eta enkajea egiteko modua erakutsiko dute, eta azaltzen denak enkajean hasteko haria eta bolilloak ere eskuratu ahal izango ditu, propio jarritako salmenta postuetan. Hau dena girotzeko, musika eta hamaiketakoa ere izango da. Berriak Hernaniko merkatari eta ostalarien elkarteak iaz antolatu zuen lehen aldiz Enkajeren Topaketa eta esperientzia ´polita` izan zela-eta, aurten errepikatzea erabaki dute. Beren helburu nagusia ´kalea dinamizatzea` da Topaketarekin eta antzeko ekimenekin.
Hernanin enkajeren bi talde
Berriak elkartetik jakinarazi dute Hernanin badaudela bi talde enkajea egiteko elkartzen direnak: Elkano, 17 emakumeen zentroan eta Haizea dendan. Diotenez, enkajea aintzinako lanbidetzat hartua izaten da, baina Topaketarekin erakutsi nahi dute ´gaurko gauza` ere badela. Erakusle gisa, jakinarazi dute 9 urteko enkajera bat izango dela igandean Hernanin.