IÑAKI arratibel, Eusko Alkartasunako zerrendaburuak, txotx denboraldirako arazoak konpontzeko neurriak proposatu ditu. ´Txotx denboraldia ametsgaizto bilakatu da azken urteetan hiriguneko herritarrentzat, baita gainerako herritarrentzat ere: asteburuetan eremu honetan egon ohi den giro txarra, txahala botatzen duten pertsonak, txiza egiten dutenak, eta oro har, bertan izaten den iskanbila dela eta, asko eta asko ez dira hirigunera gerturatzen` azaldu du. Sagardogileak, tabernariak, bizilagunak eta Udala biltzen dituen Txotx Batzordeak hartutako neurriekin ez dela nahikoa dio Arratibelek, ´udal zerbitzuak zabaltzea edo plastikozko edalontziak erabiltzea bezalako neurriak hartzeko balio izan du batzordeak baina neurri hauek ez dira nahikoak`.
Proposatutako neurriak
Egoera honen aurrean EAk zenbait neurri proposatu ditu ´txotx denboraldiaz gozatzea, bizilagunek atseden hartzeko duten eskubidearekin bateragarri egitea bermatuko dutenak`: -`Elkarbizitza ordenantza modu zorrotzean aplikatzea. Zigorra jasoko dute, kalean txiza egiten dutenek, bizilagunen loa errespetatzen ez dutenek edo adin txikikoei alkohola zerbitzatzen dietenek`. -`Tabernen ordutegia murriztea. Izan ere, txotx denboraldian zehar ordutegia zabaltzeak jendearen etorrera sustatzen duela frogatu baita`. -`Txotx denboralditik probetxua ateratzen duten sektoreek Udalak egin behar izaten dituen gastu extrak ordaintzen laguntzea (garbiketa, Udaltzaingoaren plantilla haunditzea, komunak...).