Ekitaldiz gainezka Hernani, gaur eta bihar

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 17a, 02:00

Bi mahainguruk Hernaniko alkategaiak bilduko dituzte Biterin. Txalaparta Festaren 21garren edizioa ere gaur hasiko da.

Hauteskundeetako ekitaldiak eta mahainguruak

Hernaniko alkategaiak beren euskera planak aurkeztuko dituzte gaur, Biterin, Dobera euskara elkarteak antolatutako mahainguruan. Jon Odriozola izango da moderatzaile lanetan eta 18:00etan hasiko da. 19:30etan AMHER elkarte multikulturalak antolatutako beste mahainguru bat izango da alkategaiekin eta oraingo honetan Europar Batasunetik kanpoko etorkinen eskubideetaz hitz egingo dute. Alderdietako zerrendaburuekin batera, SOS Arrazakeriako Agustin Unzurrunzaga izango da bertan. EAE-ANV alderdiak herri programa aurkeztuko du gaur Ereñotzun, 20:00etan. Unai Erroizenea eta Juan Ignazio Arrieta hautagaiak izango dira Ereñotzun. Alderdi honek bihar ekitaldi politikoa egingo du Biterin, 19:00etatik aurrera, eta herritarrei deia egin die zerrendari babesa ematera azaldu daitezen.

Txalaparta Festa

Txalaparta Festaren 21garren edizioari gaur emango diote hasiera. Biterin izango da 19:30etan eta bertan Ttakun 2.1 programa informatikoa aurkeztuko dute eta ondoren iazko Festako DVDa ikusi ahal izango da. Bihar Txala taldearen kontzertua eta Txalaparta party aparta izango dira.

Chillida Leku

Atzo inauguratu zuten Chillida Lekun Haize orrazia. Serie baten kronologia erakusketa. Diotenez, Haizearen orrazia serieko ia lan guztiak ikusi ahal izango dira, 1952 urtean egin zuen lehenengotik 1999an egin zuena arte. Madrid, Hannover, Paris eta Suizatik espreski ekarriko dituzte Chillidaren lanak.

Karboneran filma eta bertsoak

Karbonera gunean 5 fàbricas filma jarriko dute gaur 20:00etan, 2006an Dario Azzelinek eta Oliver Resslerek egindakoa. Venezuelan autogestionatuta funtzionatzen duten 5 enpresei buruz hitz egiten du filmak. Bihar Karboneran Lesaka eta Hernaniko bertsolariak lehiatuko dira GR-12 txapelketan. Herri bakoitzeko hiru bertsolari izango dira eta publikoak erabakiko du irabazlea. 23:00etan hasiko da.

Kontzertua Kixkal tabernan

Gaur 22:00etan Julen Cobos abeslari atxabaltarra izango da Kixkal tabernan. Cobos Bat Gehio talde eusko-kataluniarreko abeslaria da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!