AHTa

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 16a, 02:00

AHTa
Pisuzko arrazoiak eduki behar dituzte PNV, PSE, UPN, UMP Euskal Herrian jendeartearen gehiengo sozial eta sindikalak erabat gaitzesten duen AHT bezelako makroproiektu txikitzaile bat inposatzeko. Guztiek, zein baino zein harroago, arrazoi guztien gainetik AHTaren defentsa sutsua egiteko erabakia dute, benetako eztabaida sozial eta parte hartzailerik egin gabe. Herriaren nahi eta beharrak baztertu eta beste behin ere herriaren hitz eta erabaki ahalmena zapaldu nahi dute. Nahiago izan dute gezurrean oinarritutako propaganda egitea, berriro ere Lemoiz edo Itoitzeko proiektuak gogora ekarriz. Orduan azak jaten bukatuko genuela esaten ziguten, orain berriz AHTrik gabe Europako beste estatuekiko atzerapen ikaragarria biziko dugula. Errealitate faltsu bat eraikitzen ari dira egunero, proiektu honek egun Euskal Herrian bizi dugun garraio arazoa konponduko duela, ez soilik garraio industriala konpontzeko, jendarte osoarentzat erabilgarria izango den proiektua dela eta beraz garraio publikoaren ardatz bihurtuko dela. Baina errealitate gordina beste bat da, ez ditu garraio arazoak konponduko hiriburuen arteko loturak indartu eta herrien arteko loturak baztertuko dituelako, egunero garraio publikoaren beharrei muzin eginez, 9.000.000.000 euroko gastua du proiektu honek, eta noski, herritarron poltsikoetatik ordaintzeaz gain etorkizuneko hainbat arazo konpontzeko proiektuak ez dira bideragarriak izango; euskal unibertsitate publiko eta doakoa, etxebizitza sozialak bideratzea... hau da datozen urte luzeetako laguntza sozialak guztiz mugatuko ditu. Kriminalizazio saiakerak, atxiloketak, isunak, gezurrak..., denetarik egiteko gai direla erakutsi digute AHT eraikitzeko apustua egiten duten konstruktoreen menpe bizi diren alderdi politikoek. Diru egarria lehenetsi dute beste behin ere herriaren beharren aurrean, amalurraren aurrean, herritarron hitzaren aurrean... Egoera honen aurrean inoiz baino garrantzitsuagoa da herritarrei hitza eta erabakia emateko herri presioa areagotzea proiektu hau inposatu nahi diguten alderdien aurka. Ez dugulako gure herriak behar ez duen proiektu txikitzaile bat onartuko, naturarekin orekan joango diren proiektuak behar ditugulako, herrien eta herritarron beharrei erantzungo diena.

Oihana Gurrutxaga

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!