Nahikoa pelota, bertso eta jan-edana atzo Tilosetan, San Isidro egunean

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 16a, 02:00

Atzo, maiatzak 15, San Isidro izan zen, Baserritarren eguna, eta, urtero bezala, jaialditxoa antolatu zuten Tilosetan, pelota eta bertsoak zirela tarteko. Jendea Mezetatik atera zenerako dena prest zegoen eta bi bikote jubenilek aurreneko pelota partidua jokatu zuten, emaitza honekin: Esnaola-Arrieta 18/ Ezeiza II-Lertxundi 15. Bigarren partiduan, Esnal eta San Sebastianek 22-17 irabazi zieten Aizpitarte eta Eizagirreri. Bi partiduetan tantu politak ikusi ziren eta zaleek gozatu eta makina bat txalo jo zuten. Kirola bukatu bezain laister, bertsoak hasi ziren, Unai Agirre eta Aritz Zerainen eskutik. Hau dena txorizo egosiaz eta sagardoaz lagunduta.

Baserritarren eguna girotzeko
Antolatzaile batek zioen bezala, San Isidro egunez zerbait antolatzeari ekin zioten duela urte batzuk, ´baserritarren eguna girotzeko`. Lehen ere ospatzen zen, baina usadioa galduta omen zegoen: ´baserritarrak Mezetatik irten eta ez zeukaten ezer` zioen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!