Hernani Institutuak neurri eta behar ezberdinetako eskaintza aurkeztu du Lanbide Heziketa arloan

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 19a, 02:00

Hernani Institutuak apustu berria egin du eta ohiko Lanbide Heziketa eskaintzaz gain, langile eta langabetuentzako ikastaroak eta DBHko titulaziorik ez dutenentzako kurtsoak antolatu ditu.

HERNANI institutuak Lanbide Heziketa arloan duen eskaintzaren berri eman zuten atzo Kepa Zamalloa zuzendariak, Javier Berrondo heziketa partzialeko arduradunak, Idoia Atxaga irakasleak, eta Jon Murgiondo ikasketa buruak. Azaldu zutenez, apustu berria ari dira egiten, izan ere, gazte kopuruak behera egin du eta matrikulazio kopuruak ere bai. Beherakada honen aurrean, adin eta behar ezberdinetako aukera zabala martxan jarri dute, eta ikasleak ez ezik, lanean eta langabezian daudenak eta Batxillergo edo DBHko ikasketak ez dituzten pertsonak ere hartu dituzte kontuan. Kepa Zamalloa zuzendariak azpimarratu duenez, eskaintza honekin Hernani Institutuko Karmelo Labakako eraikina (EPO izenez ezaguna) zaharberritu dute, ´garai bateko Lanbide Heziketako erreferentzia izan zen EPO, eta eskaintza honek Hernanik beti izan duen EPOren jarraipena suposatuko du`.


Eskaintza zabala

Hernani Institutuak Lanbide Heziketa munduko neurri eta behar ezberdinetako kurtsoak antolatu ditu, bai heziketa arautuan, baita ez arautuan ere. Ikastaro hauek aurrera eraman ahal izateko puntako instalazioak dituztela azaldu zuten: tailerrak, automatismoak, CAD 3D, antenak, metrologia, tailer mekanikoak, CNC eta abar. Irakasleen prestakuntza eta etengabeko formazioa, orientazio zerbitzua, lana aurkitzen laguntzeko LANBIDE zerbitzua, eta hainbat kalitate titulu eta programa ere aipatu dituzte. Horrekin batera diote ikasle guztiek aurkitzen dutela lana.


Ikasleen duintasuna helburu

Prentsaurrekoan azpimarratu zutenez, Hernani Institutuan ikasleak pertsona bezala eta duintasunez tratatzea oso kontuan hartzen dira. Irakasleen eta tutoreen laguntza eta orientazioa horren adibide direla aipatu dute.


Ikasketak aukeran (EPOn)

LANBIDE HEZIKETA ARAUTUA
-Erdi Mailako zikloak:  Mekanizazioa eta Ekipo eta Instalazio Elektroteknikoak. Goi Mailako zikloak: Instalazio Elektroteknikoak eta Proiektu Mekanikoen Garapena. Ziklo hauek eginez gero lana ziurtatua dago.
-Eskaintza Partziala:  Instalatzaile
karneta lortu nahi dutenentzat; Erdi Mailako ziklo batean sartzeko prestaketak.
-Sarbide Froga:  Goi Mailako zikloren batean sartu nahi dutenentzat Sarbide Froga prestatzeko kurtsoa. Ez da Batxillergo titulurik behar.
-Lanbide hastapeneko taldea:  Sortzekotan dabiltza, konfirmatzeko dago. DBH ez dutenek lanerako prestatzeko aukera izango dute. Erdi Mailako zikloetara sartzeko prestakuntza ere izango da.

LANBIDE HEZIKETA EZ ARAUTUA
-Langile eta langabetuentzako ikastaroak:  Lana lortzeko beharrezkoak diren tituluak lortu edo ezagutzak eguneratu eta hobetzeko.

AURREMATRIKULA: ekainaren 1etik 7ra egin behar da. Harremanetarako:
Tel: 943 551 188 edo institutua@hernanibhi.com.
Web orria: www.hernanibhi.com

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!