Bihar hasiko da Txalaparta Festaren XXI. edizioa eta larunbatera arte hainbat ekitaldi izango dira, Hernani musika eskolak eta eskolako Ttan Ttakun taldeak antolatuta, eta Hernaniko Udalaren babesarekin. Festari teknologia berriekin emango diote hasiera eta Biterin, 19:30etan, TTakun 2.1 txalaparta joaldiak idazteko TTakun 2.1 programa informatikoaren bertsio berria aurkeztuko dute. Ondoren iazko irudiak biltzen dituen DVDa jarriko dute.
Tarragonako ‘Txala’ taldea ostiralean
Ostiralean, Biteriko areto nagusian, Tarragonako Txala txalapartari taldeak Txalaria diskoaren aurkezpena egingo du eta gauerdian Atxur tabernan Txalaparta party aparta izango dute.
Larunbata, egun haundia
Larunbatean, Tilosetan egingo dute txalapartaren festa eta arratsaldeko 18:00etatik aurrera mugimendua izango da. Hernaniko sagardogileen sagardoa dastatuz, txalaparta saio libreak ikusi ahal izango dira Txalaparta Erromeriaren barruan. Herriko kaleetara ere zabalduko da giroa, Hernani musika eskolako alboka, dultzaina, trikitixa eta txistu taldeak ibiliko baitira kale bueltan. 21:00etan, berriz, herri afaria izango da Tilosetan eta apuntatu nahi duenak, 943-337050 telefonora deitu behar du (Hernani musika eskola). Afariak 18 euro balio du. Afariaren ondoren Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariak kantatuko dute eta Txalaparta Jaialdi Nagusia izango da. Bertan, Euskal Herri osoko 7 taldek joko dute Tarragonako Txala taldearekin batera. Arratsaldean merkatu txikia jarriko dute Tilosetan eta grabaketak, liburuak, bideoak eta abar izango dituzte salgai. Eguraldi txarra balitz, larunbateko ekitaldiak Atsegindegin egingo lirateke.
Egitaraua
- Maiatzak 17, osteguna:
-’TTakun 2.1’ programaren
aurkezpena, eta
20. Txalaparta Festaren DVD
emanaldia. 19:30etan, Biterin. - Maiatzak 18, ostirala:
-’Txala’ taldearen emanaldia. 19:30etan, Biterin
-’Txalaparta party aparta’. 00:00etan, Atxur tabernan. - Maiatzak 19, larunbata:
-Sagardo dastaketa.
-’Txalaparta erromeria’. 18:00etan Tilosetan.
-Herri afaria. Ondoren,
bertsolariak eta ‘Txalaparta Jaialdi nagusia’.
21:00etan Tilosetan.
*Txalaparta Festa gunean ‘txalaparta merkatu txikia’. Eguraldi txarra balitz, Atsegindegi plazan egingo litzateke.