Udaran Saharako haurrak hartzeko izen ematea ireki da

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 15a, 02:00

Maiatzaren 22ra arte eman daiteke izena. Bihar diapositibak eta bilera informatiboa izango dira Biterin, 19:30etan.

Azken urteetan bezala, Hernaniko udalak Oporrak bakean ekimenean parte hartuko du, eta Hernaniko familiek 7 eta 12 urte bitarteko haur Sahararrak bere etxeetan hartzeko aukera izango dute. Haurren egonaldia uztailaren 7tik irailaren 7ra izango da aurten. Familiek ostatua, mantenua eta babesa emateko konpromisoa hartuko dute. Udalak, bere aldetik, neska-mutilen bidai-txartelen gastua bere gain hartuko du, eta osasun azterketak koordinatuko ditu Osakidetzarekin. Bai haurrari eta bai famili hartzaileari laguntza ere eskainiko die Udalak eta beren egoeraren jarraipena egingo du. Haurren bat hartzeko interesa duten familiek izena eman dezakete maiatzaren 22ra arte 943-337017 telefonoan edo helbide elektroniko honetan: irantzu-j@hernani.net. Kontaktu hauek zalantzak argitzeko ere erabili daitezke.

Diapositibak eta bilera informatiboa bihar Biterin

Bihar arratsaldean Saharako errefuxiatu kanpamenduetako haurrei buruzko diaporama jarriko dute Biterin, 19:30etan. Sara Beiztegik egindakoa da eta Egongo gara? du izenburua. Diapositiben ondoren bilera informatiboa egingo da, gaiaren inguruan izan daitezkeen zalantzak uxatzeko.

Errefuxiatu kanpamenduan jaio eta hazitakoak

Hernaniko udaletik jakinarazi dute neska-mutil hauek Saharako errefuxiatu kanpamenduetan jaio eta hazitakoak direla, eta ezinbestekoa dela ´haurrak zonalde gatazkatsuetatik eta hauek sortzen duten saminetik urruntzea`, beste toki eta balore batzuk ezagutuz. Gaineratu dute Oporrak bakean ekimenak bi herrien eta bertako neska-mutilen arteko harremanak estutzeko balioko duela: ´elkarrekin igarotako bi hilabeteak ahaztezinak izango dira` esan dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!