Igande goizean Eusko Alkartasunako hautagaiek agerraldia egin zuten Zinkoenean, eta datorren legegintzaldian garraio publikoaren aldeko ´apustu argia` egingo dutela jakinarazi zuten. Ekitaldian, Iñaki Arratibel Hernaniko hautagaiaz gain, Iñaki Galdos, Gipuzkoako Foru Ahaldungaia; Jaione Arratibel, Donostiako alkategaia; eta Bixente Arrizabalaga, Astigarragako alkategaia, izan ziren.
Intermodalitatea eta bono bakarra
Iñaki Galdosek bono bakarraren aldeko hitzak esan zituen eta adierazi zuen garraio publiko guztiak elkarlotuta funtzionatu behar dutela: ´autobus eta tren zerbitzu guztiak eskutik joatea ezinbestekoa da kalitatezko garraio publikoa eratzeko` adierazi zuen Galdosek. Alkatetzarako hautagaiek herrien arteko lotura, ´metropolia`, defendatu zuten, Hernani eta Astigarraga kontuan hartuz, eta ´duela 50 urte desagertutako` tranbia berreskuratzeaz ere hitz egin zuten, ´Urumea bailarako herriak batzeko`.