EAE-ANV zerrendaburua den Marian Beitialarrangoitiak mitina eman zuen atzo eguerdian, Tilosetan. Berarekin batera alderdiko gainerako zerrendakideak izan ziren.
Aldaketaren premia
Mitinean aldaketaren premia eta herritarren parte hartzea bultzatu beharra dagoela azpimarratu zuen Beitialarrangoitiak. Gogorarazi zuen lau urte daramazkitela udaletxetik kanpo ´erabakietan parte hartu ezinda, herriaren erdia ordezkatu ezinda`. Azken legealdian udaletxean egindako lanari buruz esan zuen gauza bat dela ´gaiztoak izatea, eskubikoak izatea, herriaren lehentasunen aurretik elite jakin batzuen interes pribatuen alde egitea, egin duten moduan, eta bestea hain txapuzeroa izatea, denetatik egon baita lau urte hauetan`. Adibide bezala aipatu zituen , ´Hernanik 18.000 baino herritar gehiago behar dituela erabakitzea eta etxeak eraiki eta eraiki` beharra. Lau urte hauetan udalak erabakiak herriari bizkarra emanda hartu dituela azpimarratu zuen, eta adierazi zuen herritarren parte hartzearekin egin nahi dutela lana: ´Herriak nahi dugun Hernani horren definizioan parte hartze zuzena eta erreala izan dezan nahi dugu`.
Parte hartzearekin osatutako programa
EAE-ANVko zerrendaburuak adierazi zuen, ez diela beldurrik ematen herritarrak entzutea eta horren adibidetzat jarri zuen osatu duten programa, ´200 pertsona baino gehiagoren ekarpenekin osatutakoa`. Programako edukien artean aipatu zituen: gazte politika landuko duen batzordea osatzea eta alokairuzko etxebizitza parke publikoa, esaterako. Helburua honakoa dela esan zuen: ´Hernani Euskal Herriko eraikuntza prozesuan aitzindari kokatzea, herri euskaldun solidario, kultura sortzaile izatea, herri eredu iraunkorraren alde egingo duena eta herritarren bizi kalitatea bultzatuko duena, parte hartzearen bidez`. Bukatzeko aipatu zuen, PSOE eta EAJk ezezkoa eman diotela prozesuari, eta ANVk baiezkoa emango duela: ´ANVren sorreratik, orain 70 urte, jeltzaleei aurre egin die, eta ia sorreratik izan du ordezkaritza Hernanin`. Horrekin batera herritarrei ANVrekin bat egiteko deia egin zien.