Gorka Bereziartua
Musikariek, benetakoak badira behar duten aurreneko gauza, instrumentua bera baino, pazientzia da. Pazientziaz egiten dira kantak eta pazientziaz itxoin dute The Zepokoek, lerro hauek idatzi dituen elkarrizketatzailea Floridako lokaletako labirintoan galduta ibili den bitartean. Hurrengorako bidea ondo ikasita hasi dugu elkarrizketa.
Zuen musika entzunda rock urbanoaren erreferentziak nabaritzen dira. Ematen du estilo hori ez dela behin ere modaz pasatzen.
Guk beti hori entzun dugu: Extremoduro, Los Suaves, Barricada... Kontua letrak ulertzea da ezta? Eta kontzertuak ikusteko ere errazagoa da hemengo taldeetan fijatzea.
AC/DC-k ez du hemen jotzen eta letrak ez dituzu ulertzen, nahiz eta asko gustatzen zaigun.
Dena dela, orain gure estilo propioa lantzen ari gara. Influentziak nabaritzen dira, baina adibidez, aurreko maketarekin konparatuta, oraingoan Extremoduro, Platero y Tu, Los Suaves eta horrelakoen eragina ez da hainbestekoa. Rock urbanoa egiten jarraitzen dugu, baina hard rock klasikotik blues-eraino iristen den nahasketa eginez.
Letretan tabernetako giroa, karreterarekin lotutako istorioak... aurkituko ditugu. Zertan oinarritzen zarete kantari hitzak jartzeko?
Abesti bakoitza mundu bat da... Hasieran adibidez, egia da Extremoduroren estiloa imitatzen saiatzen ginela. Baina konturatzen zara Robe (Iniesta, Extremoduroko abeslaria) imitatzea ezinezkoa dela, ez daukala parekorik. Letra sinpleagoak baina era berean ulerkorragoak egiten ikasi dugu.
Baina esan bezala, kanta bakoitza mundu bat da. Badaude batzuk, guztiz bukatu arte hilabeteak behar dituztenak eta beste batzuk berriz lokalean arratsalde bakarrean ateratzen dira. Normalean musika egiten dugu lehenago, errazagoa delako musika baten gainean letrak egitea. Denak batera jotzen ari garenean melodia bat ateratzea errazagoa da eta hortik ateratzen ditugu gero kantak izango dituen hitzak.
Maketa badaukazue, Hernaniko beste bost talderekin ´Askatasun Garraxiak` diskoan parte hartu duzue eta orain, udara alderako, disko berria prest izango duzue. Asko gelditu gabe zabiltzate.
Ez pentsa, arrankatzea asko kosta zaigu egian esan. Zorte txarra izan genuen hasieran. Maketa grabatu genuenean Iñakik jo zuen bateria eta abestu ere berak egin zuen. Xabik taldea utzi zuen eta baxua ere hartu zuen. Bateria gabe geunden, eta hiru edo lau tipo etorri ziren probak egitera. Azkenean Goizuetako Julen etorri zen eta kontzertu batzuk egiten hasi ginen, baina arazo pertsonalengatik eta lan kontuengatik utzi egin zuen.
Hala ere, utzi ondoren mesede bezala abesti batzuk grabatu zituen eta hori izango da gutxi gorabehera disko berrian entzungo dena. The Zepo momentu hartan zena entzungo da, Julenekin ari ginenean, lehenbiziko kontzertuetan tablak hartzen. Nola jotzen genuen islatuko du.
Beste bi kanta ere joango dira CDan, orain egin ditugunak, Juan bateria berriarekin. Bi abesti horiekin ikusten da oraingo The Zeporen isla. Produkzio aldetik desberdinak dira azken bi kantak, ´Askatasun Garraxiak` diskorako egin genituen. Grabatu genituela aprobetxatuz extra bezala joango dira diskoan.
Asko nabari da aldaketa?
Produkzioan bai, soinua desberdina da. Bi kanta horiek denok batera grabatu genituen, azkar. Bueno, esan daiteke diskoko beste kantak ere presiopean grabatu genituela, baina teknikoarekin-eta lasaiago aritu gara. Saltoa nabarituko da orain dela bi urte grabatu genuen maketatik.
Zuen musika zabaltzeko Internet ere erabiltzen duzue.
Bai, www.myspace.com/thezepomusic helbidean kanta batzuk entzun eta deskargatzeko aukera dago, eta kontzertuen berri ere ematen dugu bertan.
Euskal Herriko zein talde gustatzen zaizkizue?
Sexty Sexers ondo dago adibidez, edo Hot Dogs ere bai, Urretxukoak... Jende ona dago hortik.
Goazen sorrerara: noiz hasi zen The Zepo?
2001 edo 2002. urtean Txentxo eta Iñaki hasi ginen, akustika batekin eta bateriarekin Iñakiren etxeko garajean, bertsio batzuk jotzen-eta... Gero lagun batek esan zigun Beñatek gitarra oso ondo jotzen zuela eta hirurok hasi ginen. Hasieran baxurik gabe jotzen genuen. Gero Xabi etorri zen, baxua jotzera eta bi edo hiru kontzertu egin genituen lagunentzako garajean.
Baina taldeari The Zepo izena aurreneko CDa grabatu genuenean jarri genion. Hor hasi zen, lehenago Sutan genuen izena.
Nondik dator The Zepo izena?
Badakizu, koadrilan-eta, jendea mozkorra dijoanean zepo dagoela esaten dugu. Aparte jokoa dauka, animalientzako tranpa bezala, kotxeetako zepoa... Egia esan ez genekien zer jarri eta hori jarri genion!
Hasieran ez gintuen gehiegi konbentzitzen. ´Zepo` C letrarekin ez genuen jarri nahi, eta ´The` ere ez genuen ´De` idatzi nahi, orduan pixka bat The Beatlesen antzera egiten saiatu ginen.
Nola ikusten duzue panorama hemen, Hernaniko taldeen artean?
Hombre, punka da nagusi ezta?
Baina rocka gero eta gehiago ari da zabaltzen. Hemen lokaletan nabaritzen dugu punk taldeetan zebiltzan musikariak rockera gerturatzen ari direla. Punk-rocka egiten hasi dira asko. Azkenean ez zara estilo bakarrean ixten, hori da aberatsena. Gure ustez musika ona bada, ona da eta kitto, izan reggaea edo izan samba... Jokalari bat ona da Madrilekin jokatzen badu, baina baita Barçarekin badabil ere.
Diskoa autoproduzitu egin duzue. Diskoetxeekin ez duzue ezer jakin nahi?
Diskoetxeak oso garestiak dira eta gainera talde pila bat daude. Zorte haundia eduki behar da materiala diskoetxera bidali eta haiei gustatzeko. Aukera bat ematea zaila da. Hala ere, CD honekin saiakera egingo dugu diskoetxeetara bidaliz...
Kontzertua duzue gaur Tilosetan. Orain dela hilabete batzuk beste bat eman zenuten leku berean eta EZLNren aldeko halako numerotxo bat egin zenuten. Musikaz gain espektakulu pixka bat ematea ere gustatzen zaizue ezta?
Abesti hori lagun bat Mexikon brigadista modura ibili eta bueltan etorri zenean berak kontatutako historiarekin egin genuen. Egia esan ez dauzkagu abesti errebindikatibo asko, baina hori bat da. Aukera dagoenean kantarekin batera showa egiten saiatzen gara, esandako laguna kontzertura etorri baldin bada eta atera nahi badu.
Orain udara dator, kontzertu asko dauzkazue?
Zaila dago panorama. Orain arte zerbait mugitu gara, Hernani, Urnieta, Gasteiz, Goizueta... Kontua da pixka bat arrankatzen hasi ginenean Julenek taldea utzi eta berriz zerotik hasi behar izan genuela. Orain hasi gara berriz martxa hartzen.
Eta publikoaren erantzuna nolakoa izan da?
Denetik egon da. Gasteizen jo genuenean bi pertsona zeuden ikusten. Egia da, baita ere, goiz jo genuela, 21:00etan, beranduago joz gero jende gehiago egongo zen. Baina bueno, orokorrean beti dago lagunen bat ikustera hurbiltzen dena. Orain artean horiek dira gehien etorri direnak. Kontzerturik onena igual, joan den urtean Tilosetan Gazte Asanbladak antolatuta jo genuenean izan zen. Gure bigarren kontzertua zen eta oso ondo egon zen.