«Gari Arruarte eta Gorka Loranen atxiloketa erabilita izugarrizko montaje mediatikoa jarri zen martxan»

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 12a, 02:00

Askatasuna erakundea Hernaniko preso politikoen egoera azaltzen ari da, bi astean behin. Gaurkoan Gari Arruarteren egoeraren berri eman du.

2003an atxilotua
Gari Arruarte abenduaren 24an atxilotu zuen Polizia Nazionalak Donostian, ETAko kide izatea leporatuta. Askatasunak azaldu du, familiak Habeas Corpus-a eskatu arren, bost egunez inkomunikatuta izan zutela. ´Epailearen aurretik abokaturik gabe pasa zen eta isolatuta espetxeratu zuten Soto Del Realen` gehitu du Askatasunak. Operazio berean Gorka Loran hernaniarra ere atxilotu zuten, ´bi gazteen atxiloketa erabilita izugarrizko montaje mediatikoa jarri zuten martxan komunikabideek. Ondorioz berehala epaitu zuten eta 2.775 urteko espetxe zigorra ezarri`.

Murrizketak areagotu
Egun, Alcala Meco espetxean dago Gari Arruarte eta Askatasunak azaldu duenez, ´euskal preso politiko izateagatik murrizketa ugari jasaten ditu: baimendutako 10 lagunek soilik bixita dezakete, 10 telefono zenbakitara dei dezake 5 minutuz, euskarazko gutunek hilabeteko atzerapena dute, paketeetan gauza asko dira sartu ezin zaizkionak, tailerrak eta kiroldegia debekaturik ditu, eta abar. Gainera, kartzelako osasun zerbitzua desastre hutsa da eta Garik jaso duen tratua lotsagarria: minaren aurka pilulak ematera mugatzen dira eta mediku frogak egiteko urtebete baino gehiago itxaron behar izan du`. Azken hilabeteetan egoerak okerrera egin duela dio Askatasunak: ´murrizketak eta miaketak areagotu egin dira eta beren kideen modulu aldaketak etengabeak dira, presoen ezegonkortasuna bilatu nahian`. Bukatzeko, diote Gari Arruarte herritik 500 kilometrora dagoela, ´senide eta lagunek bizia arriskuan jartzen dute astero berarekin egon ahal izateko, adibide gordina dugu 2004an arreba eta lagun batek izandako istripua`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!