Zer aldaketa izan du auzoak hasiera hartatik hona?
Lehen baratzak eta sagarrondoak zeuden. Lehen ez zen Sagastialdetik kotxerik pasatzen. Alde batetik, bidea han bukatzen zen; eta bestetik, inork gutxik zuen kotxea garai hartan. Kotxerik ez zenez, lasai asko jostatzen ginen. Jende askoz ere gehiago bizi zen lehen, familia bakoitzeko 4-5 seme-alaba izaten ziren, eta guztira 112 bizitza zirela kontuan hartuta, imaginatu zenbat haur ginen guztira. Orain askoz ere jende gutxiago bizi da, eta gehienak hedadetuak.
Kontua da gure generaziokoak, orain 50 urte inguru ditugunok, han hazi ginela, baina gero ezkondu eta familia osatu genuenean, alde egin genuen Sagastialdetik.
Hala ere azken aldian, atletismo pistarekin eta haurrentzako parkearekin ari da auzoko giroa zertxobait bizitzen.
Kuriositate moduan, tranbia ondotik pasatzen zen lehen. Tranbia 1958garren urtean bukatu zen eta Sagastialdeko etxeak 1956 urtean egin ziren.
Garai hartan, baratzak, oilategiak eta arropa zabaltzeko eremuak zeuden, baita erreka txiki bat ere, eta bertan hankak sartzen genituen freskatzeko.
Beste anekdota bat ere badago auzoari buruz, Sagastialdekoak izan ziren gune berde eta guztiko aurreneko etxeak.
Garai batean auzoko festak ere egiten ziren, ezta?
Auzoa egin zenetik, urtero egiten ziren festak maiatzaren 1ean, auzoa inauguratu zeneko datan. Festak ezagunak ziren, aurrenetakoak izaten baitziren, eta inguruko herrietatik jende mordoa etortzen zen. Berbena eta txosna izaten ziren.
Zenbat lagun bilduko zarete gaur? Duela zenbat ez duzuela elkar ikusten?
215 lagun bilduko gara gaur Jauregin. Jendea leku ezberdinetatik etorriko da, batzuk urrutitik.
Denbora asko pasa da denak elkarrekin egon ginen azkeneko alditik, agian, auzoko festak egin genituen azkeneko alditik.
Hala ere harrigarria da, nahiz eta elkar ikusi gabe denbora asko pasa, komunitate eta talde sentimendua dugu oraindik ere.