«Bono soziala antisoziala» dela aldarrikatu zuten Ongintzan

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 11a, 02:00

EUDEL, etxez etxeko zerbitzua ematen duen enpresako langileek eta LAB sindikatuko ordezkariek kontzentrazioa egin zuten asteazkenean, Ongintzako zuzendaritza batzordea bilduta zegoela aprobetxatuta. Kontzentrazioan ‘bono soziala’ delakoaren kontra daudela adierazi nahi izan zuten.
Bono sozial honen bidez, Ongintzak diru laguntzak emango ditu, herritarrek etxean zaintza behar duen adindua izanez gero, langile bat kontratatzeko. EUDEleko langileek diote neurri honekin Ongintzak merkatu beltza bultzatzen duela eta kontratatuko liratekeen langileak inolako babesik gabe arituko liratekeela lanean, baja, gizarte segurantza eta horrelakorik gabe.
Horrekin batera esan zuten, zaintza behar duten adinduen artean mailak sortzen direla, ´batetik guk zaintzen ditugunak eta bestetik bono sozialaren bidez zerbitzua jasotzen dutenak`. Bonoarekin adinduak galtzen aterako direla nabarmendu zuten, ´ez delako zerbitzuaren kalitatea ziurtatzen`. Bono soziala haiei lana kentzen ari zaiela ere salatu zuten, ´gure zerrendak ez dira mugitzen bono sozialaren bidez funtzionatu nahi delako`. LABeko ordezkariek nabarmendu zuten Diputazioak baduela nahiko diru kalitatezko zerbitzua eskaintzeko, eta bono soziala partxe bat dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!