AMNISTIAREN Aldeko Mugimenduak deitu du gaurko Elkartasun Eguna, Euskal Preso politikoen oinarrizko eskubideak aldarrikatu eta oinarrizko eskubide horietan jasaten dituzten urraketak salatzeko. Erakundeak adierazi duenez ´helburua da guztien artean preso politikoen eskubideek sistematikoki jasaten dituzten erasoak salatu eta beren defentsan oihartzun haundi bat zabaltzea`. Erakundeak nabarmendu du 602 euskal preso politiko daudela ´Euskal Herritik urrun eta baldintza gogorretan`. Eskubide urraketak zerrendatu ditu: ´sakabanaketa, bizi osorako zigorraldiak, gaixo larri eta sendaezinak preso edukitzea, osasun asistentziarik eza, bisita murrizketa, euskeraz komunikatzeko trabak, amatasun eta aitatasun eskubideen urraketa, tortura bidez lortutako deklarazioak oinarri hartzea, mehatxu eta jipoiak`. Gaurko elkartasun egunean herriko zenbait taldek hartuko dute parte, bere aportazioa egiteko, eta egunak festa kutsua izango du. Goizean trikitixa, dultzaina, txistua eta abar izango dira eta iluntzera arte ekitaldi ugari izango dira.
Krosa, herrian barrena
Eguerdiko 12:00etan, 6 kilometroko krosa izango da herrian barrena. Orain artean irekia egon da izen ematea, baina gaur ere eman lezakete izena azken ordura arte itxaron dutenek. Goizean, Gudarien plazan egongo da mahaia jarrita, izena eman edo dortsala hartu behar duen jendearentzat.
Iluntzera arte
Bazkaria Tilosetan izango da eta ondorenean bertso saioa bertan. Bertsoak jarraipena izango du, ordea, arratsaldeko 18:00etatik aurrera bertso-pelota desafioan. Arratsaldeko 19:30etan manifestazioa dago deitua eta 21:00etatik aurrera herriko hiru talderen kontzertua izango da.
Egitaraua
Goizean: trikitixa, dultzaina, kantariak, dantzari eta txistulariak. Plaza Berrin, taloa eta sagardoa txotxean.
12:00: Kros herrikoia. 6 km. (sari banaketa 13:00ak aldera).
14:30: Bertso bazkaria Tilosetan. Maialen Lujanbio, Aritz Zerain, Estitxu Izagirre eta Amets Arzallus.
18:00: Bertso-pilota, Tilosetan.
19:30: Manifestazioa.
21:00: Kontzertua. Orreaga 778, The Zepo eta Nazka taldeekin, Tilosetan.