Hernanik aurreko hauteskundeetan izan ez zen alderdi berri bat izango du datozen hauetan, EAE-ANV. Auzitegi Konstituzionalak alderdi honen 133 hautagaitza legez kanpo utzi ditu, baina Hernanikoa aurkezteko moduan izango da. Marian Beitialarrangoitia zerrenda buruak Kronikari esan dionez, herriaren parte hartzea bultzako dute, ´hernaniarren arteko eztabaida zabal bat`, herri eredua finkatzeko bidean. Eztabaida honetan hernaniarrek herria zer izatea nahi duten zehaztuko lukete, aurrera begirako pausoak adosteko, eta Euskal Herri mailan erreferentzia izan litekezkeela uste dute.
Ondasun publikoaren garrantzia
EAE-ANVk garrantzia haundia ematen dio ondasun publikoari eta ´interes pribatuen gainetik` egon behar duela uste dute. Jabetza kolektiboaren alde egingo dutela nabarmendu du Beitialarrangoitiak: ´alokairuko etxe parke bat egin nahi genuke herriaren jabegokoa, baina hori bakarrik ez, ekipamendu gehiago ere behar dira aukera gutxien dituen jendearentzat batetik, baina herritar guztientzat orokorrean`. Solidarioa, kultur ikuspegitik anitza, eredu iraunkorraren alde egingo duena eta herritarren bizi kalitatea oinarri izango duen herriaren alde egingo du Hernaniko EAE-ANVk. Azpimarratu duten beste gauzetako bat da kanpainan ´beteko ez den promesarik` ez dutela egingo eta herritarrekin zehaztuko dituztela aurrera egin beharreko inbertsioak eta eman beharreko pausoak.
Horrez gain, jarduera guztietan euskera ardatz izango dutela ere azpimarratu du EAE-ANVk.
Gobernatzea helburu
EAE-ANV ´gobernatzeko helburuarekin` aurkeztuko da hauteskundeetara, eta espero dute Hernaniko indar bozkatuena izango direla. ´Ezkerrekoa eta abertzalea` da alderdia eta ezker abertzaleko botoetako asko berengana joan litezkeela uste dute, ´baina baita gure programarekin bat egiten duen beste zenbait herritarrena ere`. Aldaketaren aldeko botoa izango da EAE-ANVrena zerrenda buruaren hitzetan ´eta ez diogu inori aterik ixten`.
Egoera guztiz negatiboa
Legez kanporatzeko prozesuaren gainean atzo bertan galdetuta, lehen balorazioa egin zuen Beitialarrangoitiak: ´aukera guztiek behar dute parte hartzeko modua, eta jende asko da aukerarik gabe geratuko dena`. Jokabide honekin PSE-EE herri honen irtenbideei ateak ixten ari zaiola uste du, ´eta EAJk bat egin du bide horrekin, nahiz eta beste gauza bat esan` salatu du. Hernanin ANVk parte hartzeko aukera izanda, horrek poza sortu duela dio Beitialarrangoitiak, ´baina ingurura ere begiratu egin behar dugu`.
Mitina bihar
Bihar igandea, ANVren mitina izango da, arratsaldeko 13:30etan Tilosetan, Marian Beitialarrangotia bera hizlari dela.
EAE-ANV
1. Marian Beitialarrangoitia Lizarralde
2. Juan Ignacio Arrieta Egilegor
3. Idurre Lucas Ezkioga
4. Juankar Plazaola Burugain
5. Izaskun Txintxurreta Ibabe
6. Izaskun Ezeiza Olazabal
7. Unai Erroitzenea Gamio
8. Usoa Barrutiabengoa Olazabal
9. Iñaki Eguren Etxabeguren
10. Pedro Maria Egaña Sarobe
11. Javier Zubimendi Beitia
12. Paki Lizeaga Errazkin
13. Tomas Arotzena Zubeldia
14. Felix Javier Iradi Otaegi
15. Kristina Iraola Peña
16. Ekaitz Telleria Aldaregia
17. Marian Salaberria Narbarte
18. Andoni Tolosa Goikoetxea
19. Mikel Zelaia Irazusta
20. Izaro Arruarte Santa Kruz