Kiroldegi berria eta 600 pertsonentzako auditorioa egiteko proposamena aurkeztu du EAJk

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 11a, 02:00

ANDONI Amonarraiz EAJko zerrendaburuak hauteskundeei begira beren programako zutabeetako bi azaldu zituen atzo: kiroldegi berria eta 600 pertsonentzako auditorioa eraikitzeko proposamena. Kiroldegi berria ur parkearen ondoan eraikitzea proposatzen du, alde batetik. Bestetik, auditorio berriak Milagrosa inguruko aparkalekuak hartuko lituzke, Sandiusterri atzeko eskaileretaraino. Auditorio berriaren eraikin berean Musika Eskola Publikoa jartzea ere proposatzen da, izan ere, Amonarraizek azaldu duenez, gaur egungo eraikina txiki geratu da dagoen eskaria dela-eta. Milagrosan kenduko diren aparkalekuak etorkizunean eraikiko lirateke, Zaharren Egoitza haunditzerakoan, egoitzaren atzekaldean (Larramendi kale aldera), 2 edo 3 pisuko aparkalekua eginda. Orain dagoen kiroldegian etxeak joango lirateke (150-200 bat etxebitza), kiroldegi azpiko garajeetako jabeekin adostuta.

Finantziazioa
Andoni Amonarraizek proiektua nola finantzatuko litzatekeen ere azaldu du. Kiroldegi berria eta auditorioko obra egiteak 25.000.000 euro inguruko kostua izango duela aurreikusi dute. Asmoa da obra adjudikatzen zaion enpresari orain kiroldegia dagoen eremuko lurrak ematea, bertan etxeak egin eta saldu ditzan. Obra hauek aurrera ateratzeko oinarrizko proiektua eta obra zuzendaritza udaletxearen kargu joango lirateke. Ejekuzio proiektua enpresak egin beharko luke. Andoni Amonarraizek azaldu nahi izan du proiektua hobetu daitekeela, datu errealak eskuan izanda.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!