Hernani-El Monte Ciencias, «aspaldiko partidu garrantzitsuena» igandean Landaren

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 10a, 02:00

Denboraldi borobila egin eta gero, igandean izango du HCREko senior A taldeak kale edo baleko partidua, Landaren El Monte Cienciasen kontra, 11:30etan. Kanporaketa pasaz gero Hernani Ohorezko mailara, haundienen artera, bueltatuko da 20 urte eta gero. Klubetik igandeko partidua ´aspaldiko garrantzitsuena` dela esan dute. Kanporaketa bi partiduetara izango da baina, Joxe Elosegi entrenatzailearen esanetan, kanporaketa Landaren erabaki nahi dute, zelaia eta bertako giroa alde dutela: ´partidu honetan dena eman behar dugu, eta kanporaketa gure alde jarri. Zaila izango da hemen egiten ez duguna Sevillan lortzea, talde sevillarra ez baita kontrario erraza`.


Landarerako deia
Hernanin igandeko partidua hizketagai izaten ari da eta taldeak ere nabaritu du hori: ´herritarrak jabetu dira igandeko partidua historikoa izango dela. Errifa egin genuenean ikusten zen hori` dio Elosegi seniorren entrenatzaileak. Zaleen animoak ezinbestekoak izango dira partidua aurrera ateratzeko eta klubetik deialdia egin diete hernaniar guztiei igandean hutsik egin gabe, animatzera jaitsi daitezen. Partidua ordu erdi aurreratu dute, andaluziarren bueltako hegaldia dela eta, eta 11:30etan jokatuko da. Eguraldiari dagokionez, euri pixka bat gustora hartuko lukete Hernaniko jokalariak, zelaia lokazteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!