Gazteok nazkaturik gaude gurekiko duzuen bazterketa sozialaz. Nabarmen da, Hernaniko gazteak banandurik, bakoitza bere koadrilarekin, edukitzea dela azken aldian nahi dena edo nahi dutena. Beldur izango al dira denon indarrak batu eta borroka kolektibo baten erantzuna jasotzeaz? Horrela ulertzen da behintzat orain arte gurekiko izan duzuen oztopoak jartzeko jarrera zikina.
Gaur egun, gazteok beharturik gaude sistema kapitalista honi jarraitzera, nahiz eta gure kapitala oso urria izan eta ez dugun aisia non pasa, taberna zuloetan besterik ez!
Hau dela eta, beharrezkoa ikusten dugu Hernaniko gazteon beharrak asetzeko gune fisiko bat, adibidez bi aldiz tapiatu diguten Kontrakantxa Gaztetxea. Ez dugu inorentzako kalterik sortu eta beraz, ez dute inongo arrazoirik zeharo baztertua zegoen lokal batetatik botatzeko. Herria herritarrena bada, gurea ere bada!
Honen aurrean, eta hain gertu dauden hauteskundeei begira, esan beharra dago, gazteon beharrak aztertzeko eta konpontzeko prest dagoen bakarra Ezker Abertzalea dela, bera izango baita bakarra, gazteon problematika lantzeko pertsona bat eskainiko diguna. Beraz, nahiz eta gazte askok oraindik ere botoa emateko aukerarik ez izan, bozka dezagun Ezker Abertzalea!
Itziar Arruarte