EUSKAL presoen eskubideen alde Elkartasun Eguna antolatu du larunbaterako, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Jaialdi honen helburua da ´guztien artean preso politikoen eskubideek sistematikoki jasaten dituzten erasoak salatu eta beren defentsan oihartzun haundi bat zabaltzea`. Egun horretarako egitarau zabala antolatu dute, tartean herri krosa eta bertso bazkaria. Antolakuntzak jakitera eman du bazkarirako txartelak salgai izango direla ostirala arte, Garin eta Rioja tabernetan, 15 euroren truke.
Herri krosa
Herri krosean ere izena emateko epea zabalik dago. Jakinarazi dute herriko tabernetan daudela lasterketaren ibilbidea eta izena emateko zerrendak. Bestela, larunbatean bertan eman daiteke izena, Plazan, goizean goizetik izango den izena emateko mahaian.
Errekorridoak 6 kilometro izango ditu eta eguerdiko 12:00etan abiatuko da, Plazatik. Kaxkoan metro batzuk egin ondoren Landaren barrena Sagastialdera abiatuko dira korrikalariak. Gero Antziola, Latsunbe eta Urbieta kalean barrena Kaxko aldera abiatuko dira berriro ere. Kaxkoan azken metroak egin ondoren, Plazan bukatuko da.
Kontzertua eta diskoa
Gauean, 21:00etan kontzertua izango da Tilosetan, Orreaga 778, The Zepo eta Nazka herriko taldeekin. Kontzertua dohainik izango da eta edari eta bokaten txosna ere izango da.
Kontzertuan entzun ahal izango diren hiru taldeen, eta Suburbio, Afonia eta Mercenarios taldeen bina abestirekin Askatasun Garraxiak izeneko diskoa kaleratu berri da, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak sustatuta. Diskoa salgai jarri dute 8 eurotan, eta ateratako dirua presoen senideek bixitetan eta izaten dituzten gastuei aurre egiten laguntzeko erabiliko da.
Egitaraua
- Goizean: trikitilariak, dultzaina, kantariak, dantzari eta txistulariak ibiliko dira kalean. Plaza Berrin, talo postua izango da eta sagardoa txotxean.
-12:00: Kros herrikoia. 6 km. (sari banaketa 13:00ak aldera).
-14:30: Bertso bazkaria Tilosetan. Maialen Lujanbio, Aritz Zerain, Estitxu Izagirre eta Amets Arzallus bertsolariekin.
- 18:00: Bertso-pilota desafiyua, Tilosetan.
- 19:30: Manifestazioa.
- 21:00: Kontzertua. Orreaga 778, The Zepo eta Nazka herriko taldeekin, Tilosetan.