HERRIKO kirola aztertu dute duela gutxi, genero ikuspegitik, Berdintasun Kontseiluak eta Udalak bultzatuta. Azterketaren emaitzak eskutan mahaingurua izango da bihar, Kirolean berdinketa lortu arte izenburupean. Bertan izango dira: Garbiñe Tijero (Hernaniko Pelota Elkarteko entrenatzailea), Garbiñe Etxeberria (Realeko nesken taldeko entrenatzailea eta futbolari ohia) eta Iratxe Aranburu (Arrasateko Udaleko Kirol Teknikaria eta iraupeneko korrikalaria). Moderatzailea azterketa egin duen Ainhoa Azurmendi izango da, Avento aholkularitzako kidea eta eskubaloi jokalaria. Bihar, arratsaldeko 19:30etan, Biteri kultur etxean.
Ikerketak aztertzen duena
Ikerketak herriko kirolaren alde ezberdinak aztertzen ditu, genero irizpideari garrantzia emanda. Kirol Patronatua, partaidetzako kirola, errendimendu kirola eta eskola kirol eremuak hartzen ditu kontutan, eta arlo ezberdinetan gizon eta emakumeek duten parte hartzea aztertzen du, bai kopuru aldetik eta baita joera aldetik ere. Herriko kirol instalazioak eta erabiltzen den hizkuntza ere kontutan hartzen dira, besteak beste.
Proposamenak
Ikerketaren azken atalean zenbait proposamen agertzen dira, aztertutako atal bakoitzeko:
-Kirol Patronaturako proposamenak: herriko kirol azpiegitura hobetzea; kirol sistemako maila guztietan emakumearen parte hartzea bultzatzea; elkarteetan emakumearen kontrako diskriminazio modu guztiak deusestea; eta herriko kirol agenteekin komunikazio bide egonkorrak sortzea.
-Partaidetza kirolerako (txapelketaz kanpokoak) proposamenak: kiroldegiko erabiltzaileen gogobetetze maila areagotzea; emakumeen kirol parte hartzea dibertsifikatu eta bistaratzea; seme-alabak ikastaroetara eramaten dituzten amak kirola egitera animatzea.
-Errendimendu kirolerako proposamenak: elkarteetan emakumeen partehartzea areagotzea; eta emakumeen errendimendu kirola sustatzea (sariak emanda adibidez).
-Eskola kirolerako zenbait neurri proposatzen dira kalitatea hobetzeko helburuarekin.
Zenbait datu:
´Kiroldegian sarrera maiztasun gehien dituzten urte tarteak, 11-20, 31-40 eta 41-50 dira. Azken bietan emakumeen kopurua gizonena baino haundiagoa da`.
´Kiroldegiko ikastaroen inskripzioen %79 emakumeak dira. Emakumeek gehien egiten dituzten ekintzak, aerobic, pilates eta mantentze gimnasia dira.`
´Ginozkoek gimnasiora norbere kabuz joateko joera dute. Spinning eta mantentze igeriketa dira gehien egiten dituzten antolatutako jarduerak.
´Eskola kirolean modalitateen aukeraketa oraindik ere sexu estereotipoen arabera egiten da` ´Hernaniko talde-kiroletako 7 modalitateetako 22 taldeetatik 5 dira emakumeenak`.