Mendizabal II-Beloki II, eskuz banakako final laurdenetan

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 7a, 02:00

Urduñan jokatuko dute, gaur 22:00etan. Herri artekoan Hernani aurrera, larunbatean hiru partidutik bi galdu arren.

Oier Mendizabal 2. mailako eskuz banakako txapelketako final erdietan sartuko da, gaur Beloki IIri irabaziz gero, Urduñan. 22:00etan hasiko da partidua Jai Alai pelotalekuan, eta ondoren Arretxe IIk eta Argotek Asegarceko beste kanporaketa jokatuko dute. Bi partidu horietako irabazleek elkarren aurka jokatuko dute finalerako txartel baten bila, maiatzaren 20an. Mendizabal IIk Albizuri utzi du atzean final zortzirenetan, 22-15 irabazita, eta Beloki IIk, berriz, Retegi Bi, 22-14. Pelotari nafarrak final hamaseirenak ere jokatu zituen eta Aratz Mendizabal zaldibiarra garaitu zuen orduan, 22-10.

Herri artekoan Hernanik aurrera

Herri artekoan, Hernanik aurrera egin du, larunbatean Orio kanporatuta. Kostaldeko herrian jokatutako partiduetako bat irabazi (22-0 kadeteek) eta bi galdu zituzten (17-22 jubenilek eta 6-22 nagusiek), baina tanteoagatik pasa ziren. Hernaniarrek ez dute, hala ere, beren irudirik onena eman. Hurrengo kontrarioa Donostia dute, iazko azpitxapelduna, eta pasatzeko gehixeago jokatu beharko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!