Kardaberaz kalean izan zen agur ekitaldia, pintxoz eta sagardoz lagunduta. Bildu Hernaniko Manuel Frailek azken lau urtetako balantzea egin zuen eta ondoren Mikel Peruarenak (Hernaniko Abertzale Sozialistak) hitz egin zuen.
Atzo eguerdian Bildu Hernani Hernaniko ezkertzale eta abertzaleen plataformak agur esan zuen eta Kardaberazgo egoitza aurrean egindako ekitaldian Hernaniko Abertzale Sozialistak plataforma berriari erreleboa eman zioten.
Manuel Fraile BH-ko kideak azken legegintzaldiko balantzea egin zuen eta ´inposizioaren` lau urteak izan direla esan zuen: ´Udal gobernuak eztabaida ukatu du eta herritarren beharrak aztertu beharrean partikularren interesak babestu dituzte`. Salatu zuen, baita ere, herriko taldeak ´oztopo haundiak` izan dituztela bere lana egiteko.
Ondoren, Frailek HAS-eko Mikel Peruarenari BH-ko pin bat jarri eta hitza eman zion.
Peruarenak plataforma berriaren alde jasotako 1.505 sinadurak eskertu zituen eta BH-ren lana txalotu zuen. Datozen Udal hauteskundeei buruz esan zuen, gertatzen ari dena ´prozesu demokratikoaren isla` dela eta PSOE eta Imazen PNV argi erakusten ari direla ´ezker abertzalea damutzeko` prozesu bat nahi dutela. ´Zoritxarrez, badirudi orain lau urteko historia errepikatzen ari dela` gaineratu zuen Peruarenak.
Ekitaldia bukatzeko, azken lau urteetan Bildu Hernaniri babesa eta laguntza eskaini dieten herritarrei eskerrak eman zizkieten eta ondoren, pintxoak eta sagardoa dastatzeari ekin zioten joandakoek, musikaz girotuta.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!