Bide heziketari buruzko marrazki erakusketa ostegunera arte Biterin

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 6a, 02:00

Hernaniko 5 ikastetxeek umeek egin dute erakusketa, trafikoa eta bide heziketarekin lotutako 4 gairi buruz. Biterin, 17:00-19:00etara.

bide Heziketari buruzko marrazki erakusketa jarri dute Biterin, Hernaniko ikastetxe guztietako haurrek, Hernaniko Udaltzaingoaren laguntzarekin, eta ostegunera arte egongo da ikusgai, Biterin, 17:00etatik 19:00etara. Trafikoa gero eta arazo haundiagoa bihurtzen ari da leku askotan, eta baita Hernanin ere, eta horrek arrisku eta betebehar batzuk eskatzen dizkio herritarrari. Zein dira gure jarrerak errepideetan? Herri barruan? Oinezkoen aurrean? Seinalizazioak errespetatzeko garaian? Oinez goazenean errespetatzen al ditugu legeak? Horren guztiaren gainean, Hernaniko Udalak 2006-2007 ikasturtean Bide Heziketako programa bat jarri du martxan, Lehen Hezkuntza guztian eta Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailan, eta horren ondorioa da Bide Heziketari buruzko I. Marrazki Erakusketa hau.

Bide Heziketa Programa

Esan bezala, Hernaniko ikastetxeetan Bide Heziketa Programa bat jarri du martxan Hernaniko Udalak, helburu nagusi batekin: herritarren seme-alabak kalera ateratzen direnean zein arrisku aurkituko dituzten jakitea eta horien aurrean nola jokatu behar duten erakustea. Bestalde, gurasoak kontzientziatzen ere saiatu dira, ikastaroan umeei erakusten zaizkien kontzeptuak beraiek praktikan jartzeko, eta portaeretan arreta berezia jartzea eskatzeko: oinezkoen pasabidea erabiltzea, ibilgailuen portaera aurreikusi, haurrak atzean, segurtasun neurriak hartu, eta abar...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!