Zestoa-Lastur, Gipuzkoako altxor izkutua

Kronika - Erredakzioa 2007ko mai. 6a, 02:00

Mendiriz mendi ETAPA honetan, mendebaldetik ekialdera egingo dugu ibilbidea, Urolako bailaratik Lasturrera. Bidea Erdi Aroko Lili jauregia eta Ekain leizezulo albotik pasatzen da. Kontraesanetako bailara dela esan dezakegu Lastur. Nahiz eta zoko batean egon, hara joateko derrigorrez igo egin behar da. Paraje bildua da, nahiz eta irekia izan. Zezen plaza izanda, leku eguzkitsua dela pentsa genezake, baina paisaje hezea da.

Nola iritsi Hernanitik

A-8 autopista hartu eta Bilboko norabidean, Azpeitiako irteeran irtengo gara; GI-631 errepidean Azpeitiako norantza jarraitu. Berehala Zestoara iristen da.

Ibilbidearen deskripzioa

Bideari ekiteko Zubimusuko zubitik (XVI.mendean eraikia) Urola ibaia zeharkatu behar da. Metro batzuk aurrerago Urolako tren zaharraren bide azpitik igaro behar da eta mendebaldera jarraitu Sastarrain errekaren ertzetik. Metro gutxira hormigoizko eraikin bitxi bat ikusten da. Bertan Ekain leizezuloaren kopia bat egiten ari dira jendeari erakusteko: Harri Aroan, duela 150.000 urte, sortutako margolan harrigarriak. Bideari jarraituz Sastarrain baserri-eskolara iritsiko gara. Gertu Ekain leizezuloaren sarrera dago; 1969an aurkitu zuten azpeitiarrek, Aranzadi Elkartearentzat lanean ari zirela. Aurkikuntza oso garrantzitsua izan zen, izan ere han topatutako margolanak Europako Paleolitoaren eredugarri baitira, Lescanux, Niaux, eta Altamirarekin batera. Leizezuloa bertan bizi zirenek utzi zuten bezala dago, eta margolanak oso ondo kontserbatuta daude, hasiera-hasieratik Aranzadi Elkarteak turismotik babestu baitzituen, lehen beste leizezulo batzuetan gertatutakoen eskarmentuagatik. Bidea jarraituta, hegoaldera joko dugu orain eta Goltzibar bailaran sartuko gara. Erreka albotik jarraitu behar da bailararen amaieraraino. Gure ezkerretara Erlo mendiaren magalak ditugu. Bideak pixkanaka-pixkanaka gora egiten du, baina nahiko aldapa xumea da. Bailararen amaierara iristerakoan aldapa gogortu egiten da eta tarte txikian 200 metroko desnibela igo behar da Zorrozpeko lepora iristeko (625 m.). Hemen bideak norabidea aldatzen du eta iparraldera jotzen du. Zorrozpetik aurrez-aurre Lasturreko bailara ikus daiteke. Hemendik Erlo, Sesiarte, Agiroa eta Otarre ere ikusten dira. Madarixara doan errepidea zeharkatu eta behera egingo dugu. Metro gutxi batzuk egin eta gero errepidea berriz gurutzatu behar da. Bideak Attolako puntaren azpitik jarraitzen du eta berehala Zelaitxikira iristen da (550 m). Sesiartera igotzeko bidea hemen hasten da. Sesiarte (775 m.) Izarraitz aldeko beste tontorretako bat da. Bere gaina karaitz hautsia da (karst) eta ez da erraza bertan ibiltzea, baina igoerak ez du horrez gain zailtasun handirik. Agiroa gertu gelditzen da eta tentagarria da, baina zailagoa da hara heltzea, karaitz hautsiak eta sastraka ugarik inguratzen baitute tontorra. Karaitzak eratutako ingurune honetan aipagarria da tontorraren hegoaldean Agiroa eta Sesiarte artean sakondutako bailara karstikoa. Gailurretik jaitsi eta Sesiarte eta Agiroaren arteko bailara jarraitu behar da. Bailara zeharkatu eta gero maldak behera egiten du eta berehala Otzarreta lepora iristen da. Lepo honetatik igarotzen da Zestoa eta Itziar elkartzen dituen errepidea. Ezkerretara, Itziar aldera, kilometro inguru errepidean behera egin behar da. Gero PR markak jarraituz eskubira egin behar da hormigoizko pista batean barrena. Ezteia baserrira iristerakoan norabidez aldatu eta ekialdera jo behar da. Ezteia baserriaren belazea zeharkatu, alanbre-hesi bat pasa eta azkenik bidea basoan sartzen da. Bidezidorrak beherantz egiten du eta laster Itziar eta Madarixa elkartzen dituen errepidera iristen da. Saltsamendi gailurraren oinean gaude eta egin dugun bideak hegoaldetik inguratuko du. Errepidea zeharkatu eta PR markak jarraituz Murgizar baserri albotik pasa behar da eta Murgimendi aldera jo. Basoan sartu eta Murgimendi muinoa iparraldetik inguratzen da. Malda arinetik behera, bide zabal batetik, Lasturrera iristen da Errota-Behekoa errotaren albotik sarrera eginez. Aurrez-aurre Lasturreko San Nikolas plaza, inguru hauetako zezen-plaza famatuena, bidearen amaiera.

Datu interesgarriak

-Distantzia: 14 km. 

-Denbora: 4-5 ordu.

-Desnibela: 700 m.

-Gailurraren altuera: Sesiarte 755 m.

-Zailtasuna: zailtasun berezirik gabekoa.

-Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.

-Noiz: Mendiriz Mendik maiatzaren 20an egingo du irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!