ezker Batua-Berdeak eta Aralar alderdiak koalizioa osatu dute datozen Udal eta Foru hauteskundeetarako. Hernaniko zerrendaburuak, Beatriz Fernandinok, eta bigarren hautagaiak, Xabier Peñagarikanok, koalizioaren ardatzak eta programa aurkeztu zituzten, ostiralean Biterin. Peñagarikanok esan zuenez ´desberdintasunak dituztela onartuta` ahalegina egin dute elkarguneak topatzeko, ´ezkerrak elkarlanean jardun behar duelako`. Esan zutenez Hernani ´betidanik izan da aurrerakoia eta ezkertiarra eta koalizioak horretan jarraitu eta sakondu nahi du`.
Lau ardatz
Xabier Peñagarikanok koalizioaren lau ardatzak azaldu zituen: Euskal Herria ezkerretik, justizia soziala, bakea, eta autodeterminazioa. Hautagaiak esan zuen koalizioak ´justizia sozialaren` alde egiten duela, ´kultura herritar guztien eskura jartzen, diru publikoen erabilera egokia exijitzen, baztertuen alde borrokatzen...` eta gaineratu zuen ´herritar guztiak hauteskundeetara libreki aurkeztearen alde eta etorkin berriak hauteskundeetan bozkatzearen alde` daudela. Halaber, Aralarko kideak ´bide politikoak` jo zituen helburu politikoak lortzeko ´bide bakarra`.
Programa bost puntutan
Beatriz Fernandino zerrenda buruak koalizioaren programa bost puntutan azaldu zuen: etxebizitza, parte hartzea, zerbitzu publikoak, garraio publikoa eta euskera. Fernandinoren esanetan, koalizioak babes ofizialeko etxeen alde egingo du, alokairu sozialekoak ´modu berezian` sustatuta. Parte hartzeari dagokionez, hautagaiak adierazi zuen politika egiteko beste eredu bat ezarri nahi dutela, ´herritarren parte hartze zabalagoan oinarritua` eta auzo elkarteekin zein gainerako eragileekin elkarlanean aritzeko asmoa azaldu zuen. ´Zerbitzu publikoen defentsa` egitea izan zen zerrendatu zuten beste puntu bat. Koalizioak publikotasuna ´sustatu beharreko balore` jo zuen, ´neoliberalismo basatiaren garaietan`. Fernandinok garraio publikoa ´irabazi beharreko beste apustu bat` dela esan zuen eta zerbitzua indartzeko formulak eman zituen: lineak indartzea, txartel bakarra garraio guztientzat, (Euskotren, Renfe...) eta bonobus soziala diru sarrera urria dutenentzat. Bukatzeko, esan zuen Hernani herri euskalduna dela eta lan egingo dutela euskerak bizitza publikoan eta mundu soziolaboralean ´merezi duen lekua` izan dezan.