Nola ikusten duzu gaurko karrera, Iñigo?
Azkoitiatik Elgoibarrerako bidea, Azkaratetik barrena, hirutan egingo dugu, denetan zentzu berdinean. Lehen joan itzulia izaten zen, baina segurtasun kontuengatik, aldatu egin dute azken urteetan. Lehen zatia aldapa gora da eta ondoren aldapa behera Elgoibarreraino. Joan den larunbatean han izan ginen notak hartzen, kurbak, zuloak eta abar ikusten. Ibilbideak nahiko erraza dirudi, baina ikusi egin behar. Gainera, litekeena da euria egitea.
Ze helburu duzu gaurko?
Erdi parean aterako naiz, 35garrena, eta postu horretan bukatuz gero, ontzat joko nuke. Kontuan izan behar da gaur Azkoitian 71 auto izango direla eta 3garren mailan, nire mailan, 20tik gora izango garela. Tartean, Txus Jaio eta maila horretako pilotu gehiago izango dira eta nik ezin dut horien kontra lehiatu. Nire mailako Citroen eta Peugeot-en aurka izango dut konpetentzi pixka bat.
Zer moduz dijoa denboraldia? Postu onak egin dituzu, ezta?
Karrantzako rally-an bigarren egin nuen 3. mailakoen artean. Eguraldi txarrarekin korritu genuen eta azken txandan neumatikoak aldatuta, segundo asko irabazi genituen. Azpeitiako rallysprint-ean 4garren postua lortu nuen. Karrera hau aldapa behera zen eta ezusteko positiboa izan zen, ez nuelako uste aldapa behera horrela botako nuenik nire burua. Errespetua ematen du; aldapa behera abiadura haundia hartzen baita. Baina oso gustora geratu nintzen. Denboraldiko sailkapen orokorrean, 20garren nago 80 pilotutik. 80 hauetan maila guztietako pilotuak sartzen dira, 1. mailakoetatik (Artetxe, Apalantza...) 5. mailakoetara (zilindrada txikienekoak). Denboraldi bukaeran 10 onenentzat sariak izaten dira, baina oso zaila da horien artean sartzea. Aurten dudan helburu nagusia autoari eskua hartzea da. Ikasten nabil eta ondo egongo litzateke denboraldia minik hartu gabe bukatzea.
Zer moduz ari da erantzuten zure Seat Ibiza? Konponketa asko egin behar izan dizkiozu?
Ondo, neguan motorra karreretarako prestatu dugu eta pieza batzuk aldatu edo kendu ditugu autoaren pisua jaisteko. Hasierako karreretan pixka bat desastre ibili zen, leku askotan indarrik gabe geratzen zen eta ez genion puntua hartzen. Baina azken bi karreretan oso ondo. Orain arte zortea izan dut eta kolpe txikiak besterik ez ditut izan. Konponketak guk egiten ditugu, gastuak murriztearren. Diru asko behar da autoa puntuan jartzeko eta kolpeak izanez gero, diru kopuru horrek asko egiten du gora.
Zenbat zaldi ditu autoak? Ze gurpil erabili ohi dituzue? Berezitasun gehiago?
Autoak 180 zaldi ditu gutxi gora behera. Gurpilak, berriz, bi motatakoak erabiltzen ditugu: batzuk lehorrerako eta beste batzuk zorua bustia dagoenerako. Gurpil mota asko daude, baina oso garestiak dira. Gu bi neumatiko motarekin moldatzen gara. Horrez gain, autoak kanbio motzagoak ditu kaleko auto batek baino; suspentsioa ere ezberdina da; aulkiak bereziak dira, ondo helduta joateko; kaskoak, arropa ignifugoak...
Zer da rallyen munduan onena eta txarrena zuretzat?
Onena, izaten den giroa, izugarrizkoa. Ederki pasatzen dugu, egun pasa egin, lagun artean ondo bazkaldu... Txarrena, agian, autoan sartu aurretik izaten ditudan nerbioak, bezperatik izaten ditut. Baina behin autoan sartzen zarenean, kopilotuari kasu egin eta aurrera. Jarraitzaileak izaten al dituzu karreretan? Bai, izaten ditut jarraitzaileak. Lagunak joaten dira karrerak ikustera eta pare batek asistentzian laguntzen didate. Oraingoz ez didate hutsik egin eta ea horrela jarraitzen dugun.