Katalunia aldetik ibili naiz lau egunez, Bartzelona ezagutu dut, baina harritu nauena Ripolleten aurkitu dut, Bartzelonan baino gehiago. Bartzelonaren erdigunetik trenez joanda ordu erdira dago Ripollet, eta PSOEk irabazten ohi ditu hango udal hauteskundeak.
Bertako lagun batzuekin egoteko aukera izan genuen. Garai batean, ez orain dela asko, 20.000 bizilagun omen zeuzkan herriak. Gaur 36.000 dauzka. Sekulako etxebizitza berri pila egin omen dute urte gutxian.
Badago han ere hautagaitza ezkertiar eta independentista bat, Compromís Per Ripollet, eta Arau Subsidiarioei buruz atera duten panfleto bat irakurtzen aritu nintzen. Salatzen zuten lur inundagarrietan eta legez babestutakoetan etxebizitzak egin nahi zituela Udalak, eta neurri eta irizpiderik gabeko hazkundea kritikatzen zuen; esaten zuen ez duela zentzurik etxebizitza gehiago egiteak, gainontzeko zerbitzuak eta industria-guneak garatzeko planik ez badago.
`Joño! Hemen ere berdin. Posible ote da?`, pentsatu nuen.
Han sozialista espainiarrak daude (PSOE), hemen sozialdemokrata euskaldunak (EA), progre espainiarrak (IU), eta eskuindar vascoak (PNV) dauzkagu... Hainbeste sigla, azkenean, denek gauza bera egiteko. Ez nau harritzen jendea politikarekin nazkatzeak.
Barkatuko didazue gazteleraz esaten badut, baina horrela esan ziguten guri: `más gente, más casas, y menos pueblo`. Horra hor, Ripolleteko lagun batek ezin argiago, ezin zehatzago esplikatuta, Hernaniko Arau Subsidiario berriak zer diren.
Mikel Peruarena Ansa
(Hernaniko Abertzale Sozialistak
hautes-elkarteko kidea)
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!