ELKARTASUN Eguna izango da maiatzaren 12an, Askatasunak antolatuta. ´Festa giroan izan arren, egun honetan euskal preso politikoen eskubide urraketa sistema` salatu nahi dutela azaldu dute. Goizean zehar kale animazioa izango da, trikitilari, dultzainero, abeslari, txistulari, dantzari eta abarrekin. Talo postua ere jarriko dute, Plaza Berrin. Eguerdiko 12:00etan, herri krosa izango da eta 14:30etan, bertso bazkaria Tilosetan. Bazkari txartelak salgai daude, Garin eta Rioja tabernetan. Bazkalondoren, haurrentzat jolasak izango dira, eta bitartean helduek pelota desafioaz gozatzeko aukera izango dute, Tilosetan. Arratsaldeko 19:30etan, manifestazioa deitu dute, eta gaueko 21:00etan, kontzertua izango da Tilosetan, The Zepo, Nazka eta Orreaga 778 taldeekin. Hiru talde hauek eta Hernaniko beste talde batzuek, Askatasun Garraxiak izenarekin diskoa atera berri dute. Disko honen salmentarekin ateratzen den diruarekin, presoen senideek bisitetan-eta izaten dituzten gastuei aurre egiten lagundu nahi da.
Eskubide urraketak
Prentsaurrekoan presoek jasaten dituzten eskubide urraketak salatu zituzten eta adierazi zuten urraketa hauek gizarteratzea dela Elkartasun Egun honen helburu nagusia. Eskubide urraketen adibide gisa sakabanaketa aipatu zuten, lehenik eta behin: ´Espainiar Estatuan 452 euskal preso daude, bataz beste Euskal Herritik 638 kilometrora. Frantziar Estatuan 150 euskal preso daude, bataz beste, Euskal Herritik 820 kilometrora`. Bizi osorako zigorraldiak ere aipatu zituzten, ´egun 144 euskal preso daude zigorraren 2/3ak, 3/4ak, edota zigorra osorik beteta dutenak, eta kalean egon beharko luketenak`. Larri gaixotuta dauden edo gaisotasun sendaezinak dituzten 12 euskal preso daudela ere azaldu zuten, ´inongo baldintzarik gabe askatu behar dituztenak`. Komunikazio eta bixita eskubidea, euskaraz komunikatzeko eskubidea, eta hezkuntza eskubidea ere urratu egiten zaizkiela adierazi zuten, baita amatasun eta aitatasun eskubidea, defentsarako eskubidea eta tratu duin eta begirunezkoa jasotzeko eskubidea ere. Bukatzeko, eskubide urraketa hauekin txantaje politikoa egiten dela salatu zuten, eta dei egin zieten herritarrei aldarrikapen honekin bat egitera eta Elkartasun Egunean parte hartzera.