Txistulari Gazteen Txapelketa orain dela hiru urte sortu zen Hernanin. Beste instrumentu batzuek beren jardunaldiak zituztenez, eta txistuaren inguruko txapelketarik ez zegoenez, txistuari ere leku bat egiteko eta gaztetxoenak animatzeko asmoarekin sortu zen proiektua. Hernani Musika Eskola Publikoko Txistulari Taldeak, Hernaniko Udal Txistulari Taldeak, eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatzen dituzte jardunaldi hauek. Izan ere, `txistuaren inguruan hutsune bat nabaritzen zen`, eta `gaztetxoenak animatu nahi genituen`; argitu dio Iñaki Egurenek, Musika Eskolako txistu irakasleak, Kronikari. Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete Hernaniko Udalaren laguntzari eta ORONA S. Coop., AMR Refractarios, Herri Musikaren Txokoa, Xalaparta Elkartea, Elur-Txori Elkartea eta Santa Barbara Elkartearen laguntzari ere. Helburu nagusia txistuaren inguruan festa bat antolatzea da. Hernanin ospatzen den hau da txistuaren inguruan gazteenentzako antolatzen den txapelketa bakarra. Musika Eskolan ikasten duten haurrek ez dute aukera handirik izaten bertatik irteteko, eta txapelketa honek bultzadatxo bat ematen die eta asko animatzen ditu. Gainera, txapelketak parte-hartzaileen aldetik erantzun ona jaso du. Lehen bi urteetan parte hartu zuten bakarlari gazteenen kopurua dezente handitu da azken urteetan; taldeena berriz, pixkatxo bat jaitsi. Baina aurtengo parte-hartzea izugarri hazi da: A kategorian 17 gaztetxok hartuko dute parte, eta B kategorian 18k. D kategorian berriz, bost talde arituko dira. Horietatik gehienak Gipuzkoatik eta Nafarroatik etorritako txistulariak dira: Donostia, Hernani, Pasai San Pedro, Azpeitia, Oiartzun, Tolosa, Añorga, Irun, Astigarraga, eta Antzuola; eta Iruña, Lizarra, Doneztebe eta Burlata. Horrez gain, bilbotar batzuek ere hartuko dute parte.
Garikoitz Mendizabal eta Aitor Furundarena
Txistulari eta akordeoilari aski ezagunak izan genituen atzo arratsean Hernanin. Txapelketak hartu duen protagonismo handia dela eta, aurtengoan egun bat gehiago erantsi diote jaialdiari, ekitaldi desberdinek bere lekua izan dezaten. Horrela, aurtengo txapelketari atzo eman zitzaion hasiera Sandiusterriko aretoan, arratsaldeko 19:30etan. Bertaratu zirenek gozatzeko aukera izan zuten Garikoitz Mendizabalen, Euskal Herriko Txistularien Elkarteko lehendakaria eta txistulari txapelketako irabazlea izandakoaren, eta Aitor Furundarena akordeoilariaren doinuekin.
III. Txistulari Txapelketa
Txapelketa gaur bertan hasiko da Sandiusterriko aretoan, goizeko 11:30etan. Txapelketa antolatu zen lehen urtean udaletxeko areto batean egin zen, baina azken bi urteetarako Sandiusterriko aretoa aukeratu dute antolatzaileek, leku gehiago dagoela eta. Aurtengoan ere, Ruth Martin ariko da aurkezle lanetan. Parte-hartzaileak hiru kategoriatan sailkatzen dira. A kategoria gaztetxoenentzako da, 12 urtetik beherako bakarlarientzat. B kategoria berriz, 13 eta 16 urte bitarte dituzten bakarlarientzako da. Eta azkenik, D kategorian taldeek hartzen dute parte. Bakarka arituko direnek nahitaezkoa dute txistua eta danbolina jotzea. Taldeka arituko direnek berriz, 3 eta 8 lagunez osatutako taldetan jo beharko dute. Erabili ahal izango dituzten instrumentuak berriz, ondorengoak dira: txistuak, silboteak, txilibituak, danbolinak, bonbeteak eta atabalak. Guztiek joko dute doinu bakar bat. Epai-mahaia Amaia Iza donostiarrak, Amaia Domeño burlatarrak, Luis Urkiola donostiarrak eta Alex Iribar bilbotarrak osatuko dute eta bost irizpide izango dituzte kontuan: doitasunez jotzea, adierazpen edo interpretazioa, soinuaren kalitatea, doinuaren zailtasuna eta jolearen jarrera. Taldeak epaitzeko berriz, beste bi irizpide erantsiko ditu: talde lana eta taldearen egitura. Parte-hartzaileek zein ordenetan joko duten aukeratzeko, zozketa publikoa egiten da txapelketa aurretik. Gaur goizeko 10:30etan Sandiusterrin bertan zozketatuko da A eta D kategoriatan parte hartu behar dutenen ordena. Txapelketa berriz, 11:30etan hasiko da, aipatu bi kategoria horiekin. 13:30ak aldera, txapelketako lehen zatia amaitzearekin batera, parte-hartzaile guztiek Txalaparta elkartean bazkalduko dute. Txapelketaren bigarren zatia berriz, arratsaldeko 17:00etan hasiko da. B kategoriako bakarlariak arituko dira orduan, eta jotzeko hurrenkera 16:30etan zozketatuko da Sandiusterrin bertan. Txanda honekin amaitzean, epai-mahaiak irabazleak aukeratzeko denbora izango du. 18:45ak aldean sariak banatuko dira. Bakarlari gaztetxoen lehen saria 150 eurokoa izango da, oroigarria eta txapelarekin batera. Bigarrenari 100 euro eta oroigarria emango dizkiote eta hirugarrenari, berriz, 50 euro. 13-16 urte bitartekoen txapeldunak 200 euro, oroigarria eta txapela eskuratuko ditu. Bigarrenak 150 euro eta oroigarria eta hirugarrenak, aldiz, 75 euro. Taldekako mailan irabazleek 300 euro, oroigarria eta txapela eramango dituzte. Bigarren talderik onenak 200 euro eta oroigarria eskuratuko ditu eta hirugarrenak, 75 euro eta oroigarria. Lehengo urtean egin zen bezala, bakarlarien lehen sariak iazko irabazleek emango dituzte: Goiatz Irazabalek (A kategorian) eta Peio Irigoienek (B kategorian). D kategoriako iazko irabazleak berriz, Irundik etorritako Txingudi taldekoak izan ziren.
Txistulari Topaketa bihar egun osoan zehar
Igandean festak jarraipena izango du, oraingoan kalez-kaleko doinuekin. Goizeko 10:00etan Plazatik irtengo dira Hernani eta inguruetako txistulariak taldeka, herriko kale eta txoko guztiak txistu hotsez alaitzeko. 11:00ak aldera, Elur-Txori elkartean deskantsurako eta mokadutxo bat hartzeko beta izango dute. Eta handik aterata, 12:30ak aldera dantzarako saio batzuk eskainiko dizkigute Plaza Berrin (eguraldi txarra eginez gero, udaletxeko arkupeetan eskainiko dute emanaldia). 14:00etan berriz, parte-hartzaileek eta aurretik izena eman dutenek Santa Barbara elkartean bazkalduko dute. Arratsaldean, oraindik ere jai-giroari eutsiz, txistu hots eta dantzarako doinu gehiago entzuteko aukera izango da Hernaniko kale eta plazetan zehar, 18:30etatik aurrera.
Egitaraua
Maiatzak 5, larunbata
III TXISTULARI GAZTEEN TXAPELKETA Sandiusterrin
10:30: Elkartzea eta zozketa.
11:30: 12 urte arteko txistulariak ariko dira.
12:00: Taldeak ariko dira.
13:30: Bazkaria, Xalapartan.
16:30: Zozketa.
17:00: 13 eta 16 urte arteko txistulariak ariko dira.
18:45: Sari banaketa.
Maiatzak 6, igandea
TXISTULARIEN TOPAKETA
09:45: Elkartzea, arkupeetan.
10:00: Diana Kaxkoan eta inguruko auzoetan.
11:00: Hamaiketakoa Elur Txorin.
12:30: Dantzaldia Plaza Berrin.
14:00: Herri Bazkaria, Santa Barbara elkartean.
18:30: Kalejira eta dantza soinuak herriko kaleetan.